2024-2025 ikasturtean Azkoitiko Gaztanenea jauregiko geletan ingelesa eta frantsesa emango dutela jakinarazi du Hizkuntza Eskola Ofizialak. Ingelesari dagokionez, B1, B2.1, B2.2 eta C1 mailak eskainiko dituzte datorren ikasturtean, eta frantsesean A1, A2, B1 eta B2.2 mailak, azken horietako bakoitzean talde bana osatuta.
Ingelesa, ordea, hainbat modutara ikasteko aukera izango da. Izan ere, B1, B2.1 mailetan talde bana osatuko da, eta gainontzeko bi mailetan, bina talde. Gainera, estreinakoz B2.2 eta C1 mailetako taldeetako bat erdipresentziala izango da; hau da, saio bat eskolan jasoko dute ikasleek, eta bestea etxean, Moodle plataforma bidez.
Ikasgai horietan matrikulatu nahi dutenek irailaren 2tik 17ra bitartean izango dute horretarako epea. Online egin behar da matrikulazioa, Ikasgunearen bidez. Lehenengo fase horretan taldeak betetzen ez badira, irailaren 18tik aurrera ere eman ahal izango da izena. Ikasturte osoaren prezioa 72,36 eurokoa da, eta azterketa egiteko bi deialdi sartzen dira barne. Eibarko Hizkuntza Eskolaren web orrian informazio osagarria aurki daiteke.