Hitanoa ikasteko eta praktikatzeko aplikazio berria aurkeztu du udalak

Iraia Oteiza 2024ko eka. 20a, 13:30

Appa hi! aplikazioaren aurkezpeneko irudia. (Iraia Oteiza)

Appa hi! izeneko aplikazioa tresna erabilerraza da, eta hitanoa jolastuz ikasteko diseinatuta dago. Doakoa da, eta jada deskargatu daiteke. Era berean, Euskal Herri mailako inkesta egin dute zenbait herritan hitanoaren egoera zein den aztertzeko. Datorren ostegunean izango dira III. Hike eizan! bertsopaper lehiaketako sari banaketa eta bertso saioa.

Azkoitiko Udala 2020an hasi zen herrian hitanoa berreskuratzeko egitasmoa lantzen, bereziki azpimarra nokan jarrita. Ordutik, Hike eizan! lantaldearekin elkarlanean hainbat urrats eman ditu, eta elkarrekin beste jauzi bat eman berri dute, Appa hi! izeneko aplikazioa aurkeztu baitute. Hitanoa ikasteko eta praktikatzeko aplikazioa da, eta Marijose Arregi udaleko Euskara zinegotziak, Aintzane Agirrebeña Badihardugu Euskara Elkarteko koordinatzaileak eta Xabier Eizagirre euskara irakasleak eta hitanoan adituak eskaini dituzte proiektuaren inguruko xehetasunak.

Aplikazioak modu errazean toka eta noka praktikatzeko aukera eskainiko die erabiltzaileei. Tresna erabilerraza da, eta jolastuz ikasteko diseinatua dago. Erabiltzaileek egunero ikasgai berri bat jasoko dute, hitanoaren inguruko azalpenekin, eta azalpen horiek marrazki, bideo zein antzeko edukiz lagunduta egongo dira. Horri lotuta, galdera sorta bat erantzun beharko dute, eta galdera horietako bakoitzak hiru erantzun posible izango ditu. Galdera guztiak zuzen erantzunez gero, beste ikasgai bat aktibatuko da; aldiz, oker erantzunez gero, galderak berriro erantzuteko aukera eskainiko du aplikazioak. Astearen amaieran errepaso bat egongo da, eta astean zehar landutako galderak erantzun beharko dira mailaz igotzeko. Bost maila dira gainditu beharrekoak, astean bat. Hori horrela, "erabiltzailea hitanoan komunikatzeko prest egongo da bost asteko epean, hau da, 35 egunean", adierazi du Agirrebeñak. Hala ere, ikasgaiak egun gehiagoan eta lasaiago osatu nahi dituenak ere izango du horretarako aukera.

Aplikaziorako 1.000 galdera inguru sortu dituzte, eta horietako bakoitzak hiru erantzun posible ditu. Badihardugu Euskara Elkarteak landu ditu edukiak, Xabier Eizagirrek aurrez eginiko lanketa oinarri hartuta. Eizagirrek egindako lanari esker, udalak Azkoittiko Hike Poltsikun liburuxka argitaratu zuen, eta hain zuzen, esku liburu horretan jasotako edukiak erabili dituzte aplikazioa elikatzeko.

Appa hi! aplikazioa doakoa da, eta Android zein iPhone gailuetarako egokituta dago.

Hitanoaren egoera Azkoitian

Badihardugu Euskara Elkarteak, Hikagin egitasmoaren baitan, Euskal Herri mailako inkesta egin du hitanoa bizirik dagoen herrietan egoera zein den aztertzeko, tartean, Azkoitian. Elkarteko Itziar Sapsootham arduratu da azterketa egiteaz.

305 lagunek erantzun dute inkesta Azkoitian, beste inon baino gehiagok, eta galdetegia bete dutenen %90ak erabiltzen dute hitanoa.

Euskal Herriko udalerri euskaldunetan inkesta bete dutenen %64k uste dute hitanoaren egoera ona edo erdipurdikoa dela. Datu orokorrak kontuan hartuta, ordea, pertzepzio hori dutenak %44 bakarrik dira. “Azkoitian egoera nahiko ezberdina da, %95en ustetan hitanoa egoera onean (%40) edo erdipurdikoan (%55) dagoelako, eta herrian ez dagoelako desagertzeko zorian edo desagertuta dagoen sentipenik”, azaldu du Agirrebeñak. Herriko hitanoaren egoera ondoen ikusten dutenak 20 urtetik beherako gazteak dira.

Nokaren kasuan ere, egoera onean edo erdipurdikoan dagoela uste dutenak %54 dira, udalerri euskaldunetakoen bikoitza (%27). Gainera, %1ek bakarrik uste du noka galduta dagoela; udalerri euskaldunak orokorrean hartuta, berriz, %9k dute halako ustea.

Bertso saioa eta sari banaketa

Datorren ostegunean, ekainaren 27an, IV. Hika bertso saioa eta III. Hike eizan! bertsopaper lehiaketako sari banaketa egingo dituzte. 19:00etan hasita, Andoni Egaña. Jesus Mari Irazu, Nerea Elustondo eta Oihana Iguaran arituko dira bertsotan Elkargunean, Imanol Artola Felix gai jartzaile dela. "Aurtengoa laugarren edizioa izango da, eta aurreko urteetan bertsolariek erakutsi digute gaia emanda ezin hobeto moldatzen direla hitanoan, ohikoa izan ez arren oholtza gainean hika edo noka aritzea", azaldu du Xabier Eizagirrek. 

Saiaren ostean, III. Hike eizan bertsopaper lehiaketako lanak sarituko dituzte. 21 lana aurkeztu dituzte lehiaketara, hamaika lan haurren mailan, lau gazteenean eta zazpi helduen kategorian.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide