Azkoitia GXF-Sustapena xake txapelketa jokatuko dute etzi

Intza Trula 2024ko eka. 14a, 10:00

Iazko Azkoitia GXF-Sustapena lehiaketako irudia. (Ane Olaizola)

10:00etatik hasita jokatuko dituzte partidak, Elkargunean. 120 jokalari inguruk parte hartuko dute, hiru kategoriatan banatuta: 20 urtez azpikoak, 14 urtez azpikoak eta 12 urtez azpikoak.

Xakelariek hitzordua dute asteburu honetan gustukoen duten hura egiteko: xakean jokatu eta lagunartean denbora pasatzeko, hain justu. Izan ere, etzi, igandea, Gipuzkoako Xake Federazioaren gidaritzapean eta Anaitasuna Kakute xake taldeak antolatuta, Azkoitia GXF-Sustapena txapelketa jokatuko dute Euskal Herriko dozenaka xakelari gaztek. 10:00etan hasiko dituzte partidak, Elkargunean.

120 jokalari inguruk parte hartuko dute, eta horiek hiru kategoriatan banatuko dira: 20 urtez azpikoak, 14 urtez azpikoak eta 12 urtez azpikoak. Jokalari horien artean maila oneko partaideak izango dira: esaterako, 12 urtez azpikoen mailan, Azkoitia GXF-Sustapena txapelketako iazko irabazlea eta Espainiako xake azkarreko txapelduna den Dani Odriozola eta Euskadiko txapelduna den Markel Vesga. Anaitasuna Kakute xake taldetik, berriz, hamar jokalarik parte hartuko dute igandeko saioan, hala nola Lucia Valorrek.

Eguerdi aldera, askaria banatuko diete parte hartzaile guztiei, eta 13:30ean izango da sari banaketa.

Bestalde, datorren hilaren 30ean, igandez, Azkoitia Hiria xake txapelketa jokatuko dute Kontzejupean. Hiru jokalariz osatutako hemeretzi taldek parte hartuko dute bertan; horietatik sei talde Anaitasuna Kakutekoak izango dira, eta horietaik hiru emakumez soilik osatutakoak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide