VI. Goilurrak Rallya jokatuko dute etzi, zortzi erlojupekorekin

Iraia Oteiza 2024ko eka. 13a, 09:49

Proban parte hartu zuten autoak iaz, Azkoitiko plazan. (Andoni Elduaien)

Azkoitia eta Lazkao artean jokatuko dute proba etzi, baina aurretik egiaztapenak eta autoen aurkezpenak egingo dituzte bihar Azkoitian. Eskualdeko hamabost bikote lehiatuko dira.

Goilurrak Rallyaren seigarren edizioa jokatuko dute larunbatean Azkoitia eta Lazkao (Gipuzkoa) artean. Aurreko edizioetan erlojupekoak bi egunez jokatu badituzte ere, aurtengoan larunbatean soilik egingo dituzte. Lasterketaren inguruko ekintzak, ordea, ostiralean hasiko dira.

Azkoitia izango da aurten lasterketaren erdigunea. Bihar, 17:00etatik aurrera, autoen egiaztapen teknikoak egingo dituzte eliz atarian, eta ondoren plazan egongo dira autoak, 20:30era bitartean. Ordu horretan Plazaberrira joango dira, eta banan-banan rallyan parte hartuko duten autoak aurkeztuko dituzte.

Horren ostean, larunbateko 08:00etan ekingo diote lasterketari. Aurreneko parte hartzaileak ordu horretan aterako dira Azkoitiko Oinartxo industrialdetik, eta handik Matxinbentarako bidea hartuko dute, Mandubian barrena hamar kilometroko lehen erlojupekoa jokatzeko. Bigarren erlojupekoa, berriz, aurtengo luzeena, Mutiloa eta Zerain (Gipuzkoa) artean jokatuko dute. Lehenengo bi erlojupekoen ostean, Lazkaoko plazan elkartuko dira, eta atzera berriro egingo dituzte bi zatiak.

Arratsaldean Urolara lekualdatuko da lasterketa. 15:30ean eta 17:55ean Zestoa eta Azkoitia artean jokatuko dituzte erlojupekoak. Endoiako aldapan hasi eta Lasturreraino jaitsi ondoren, Aittolara igo eta Otarre jatetxearen parean izango dute helmuga parte hartzaileek. Jarraian, Azkarateko bide zaharrean jokatuko dituzte erlojupekoak, 15:55ean eta 18:20an. Bidean barrena Azkoitia aldera jaitsiko dira aurrena, eta Ziorrako bidegurutzea hartuko dute hormigoi bidea igo eta handik Elgoibarreraino jaisteko.

Guztira, 330 kilometro egin beharko dituzte parte hartzaileek: zortzi erlojupeko eta 120 kilometro erlojuaren aurka. Ikullu Racing eta Errebueltie eskuderiek antolatu dute aurten ere proba. Adierazi dutenez, lasterketa ikusteko ez da sarrerarik ordaindu beharrik izango; hori bai, lehen proba baino ordubete lehenago itxiko dute errepidea ibilgailuentzat, eta minutu batzuk lehenago oinezkoentzat.

Orotara, eskualdeko hamabost bikote izango dira lehian.

Eragina errepidean

Rallyaren eraginez, bestalde, bihar ezin izango da Plazaberrin aparkatu 14:00etatik aurrea, prestaketa lanak egingo dituztelako. Era berean, Julio Urkixoko zubiko sarrera ere itxita egongo da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide