Hike Eizan! bertsopaper lehiaketak baditu saridunak

Ane Olaizola 2024ko eka. 4a, 12:39

Iazko lehiaketaren sari banaketa.

Helduen mailan, Oier Etxeberria nagusitu da; gazteen mailan, Oier Juaristik jasoko du sari nagusia, eta umeen kategorian, berriz, Nora Arrizabalagak. Bertso sorta onenaren sariak zein Azkoitia sariak eskuratu dituztenek ekainaren 27an egingo duten bertso saioan jasoko dituzte sariak.

Hitanoa, eta bereziki noka, sustatzeko helburua duen Hike Eizan! bertsopaper lehiaketaren irabazleak jakinarazi ditu Azkoitiko Udalak. Adin tartearen arabera, hiru mailatan banatu dute lehiaketa, eta kategoria bakoitzean, bertso sorta onenaren sariak eta Azkoitia sariak banatu dituzte.

18 urtetik gorakoen mailan, helduen kategorian, Oier Etxeberria azpeitiarra irabazi du sari nagusia, Sega pikan bertso sortarengatik; bigarren saria, berriz, Izaro Zinkunegi errezildarrak jaso du, Larruak azaltzen hau bertsoengatik, eta Azkoitia saria Naia Arrizabalagak jasoko du, Esku bat lurrean bertsoengatik.

15 eta 18 urteko bitartekoen mailan, berriz, Oier Juaristi Agirrebeña azkoitiarra nagusitu da, Modako gaitza sortarengatik. Udalak azaldu duenez, kategoria horretan Azkoitia saria hutsik geratu da, bertso sorta onenaren saria lortu duen lana izan delako sari horretara aurkeztutako bakarra, eta oinarrien jasotzen dutelako bertso sorta batek ezin izango duela sari bat baino gehiago jaso.

Haurren mailan, bestalde, Nora Arrizabalaga azkoitiarrak jasoko du lehen saria, Ospitaleko ohetik lanarekin. Maila horretan, taldean aurkeztutako Euskaraz gexo hitzeiñ ber diñau bertso sortaren sortzaile Maddi Arrietak, Intza Ibarzabalek eta Eva de la Fuentek jasoko dute Azkoitia saria.

Antolatzaileen arabera, haurren mailan 11 lan aurkeztu dira lehiaketara; hiru lan gazteen mailan; eta zazpi bertso sorta helduen kategorian. Epaimahaia, berriz, Erniarraitz bertsozale elkarteko eta Hike eizan! taldeko kideek osatu dute.

Irabazleek ekainaren 27an jasoko dituzte sariak, Elkargunean egingo duten ekitaldian (19:00). Gainera, bertso saioa ere egingo dute orduan, eta Angoni Egañak, Jesus Mari Irazuk, Nerea Elustondok eta Oihana Iguaranek parte hartuko dute bertso saioan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide