Gutuna

Aparkaleku arazoari buruzko azken berriak

San Martingo eta Altamirako bizilagun taldea 2024ko mai. 16a, 12:15

San Martingo eta Altamirako bizilagunetako batzuk. (Utzitakoa)

San Martingo eta Altamirako bizilagun taldeak honako gutun hau bidali du erredakziora: 'Aparkaleku arazoari buruzko azken berriak'.

Aurrekoan aipatu genuen bezala, udalean dauden talde ezberdinekin egon gara, eta pasa den astean alkatearekin bildu ginen berriro. Egin behar dituzten etxebizitza berrien azpian bigarren soto bat eraikitzeko eskatzen jarraitu dugu guk, auzotarrok erabili ahal izan dezagun. Denen aldetik erantzun berdina jaso dugu, ordea: berandu dela orain zerbait egiteko, etxeak egin behar dituenak soto bakarrarekin eraikitzeko lizentzia jasota duela, eta hori aldatzea, aldatu baliteke ere, oso zaila izango dela. Etxeak eraiki behar dituenak hiru aldiz bidali omen zigun auzokideoi aparkaleku bat erosteari buruzko informazioa, nahi zuenak bere izena eman zezan, baina oso gutxi apuntatu zirenez, bigarren sotoa ez egitea erabaki zuten.

Aukera hori galduta, aparkaleku bezala erabiltzeko beste toki batzuen bila dabil udala. Lehenengo aukera Kurutziako bi baserrien artean bi solairuko aparkaleku bat eraikitzea litzateke; bigarrena Ertzaintzaren etxe ondoan dagoen berdegunea aparkatzeko erabiltzea.

Aukera horiek arinduko lukete arazoa, baina aurrera begira ez dugu uste egoera zeharo konponduko luketenik. San Martin auzoan etxebizitza gutxi daude garajeekin, eta inguru zaharrean bat bera ere ez. Etxe inguruetan aparkatu ohi dugu, eta orain arte Kurutziako negutegiak zeuden tokian izan dugun aparkalekuan ere ezingo dugu aparkatu laster, eremu horretan etxeak egin behar dituztelako. Etxe berri horiekin, eta gero Altamiran egingo dituztenekin, zer toki geldituko da San Martinen aparkalekuak egiteko, lehen aipatu ditugun bi eremu horiek kenduta?

Arazo hau aspalditik dator. Badira hamabost urte orain etxebizitzak egingo dituzten tokian aparkalekuak egitea proposatu genuela, eta orduan erantzun zuten toki horretan aztarna arkeologiak egon zitezkeela eta ezin zela ezer egin bertan. Orain etxeak eraiki behar dituzte. Geroago ere berriro azaldu zitzaien arazoa, bai aurreko alkateari baita egungoari ere. Eta zer erantzun jaso dugu taldeko kideok? Bada, lehen aipatu duguna, orain berandu dela etxe horren azpian garaje gehiago egiteko, erabakia hartuta dagoela eta lanak hasteko lizentzia emanda dagoela.

Ez al da denborarik egon beste aukerak aztertzeko? Herritarrok aztertu eta bilatu behar al genituen irtenbideak? Ez al da hori udalaren eginbeharra? Orain, Mugikortasun Plana egin behar omen dute, beste gauza batzuen artean herriko berdeguneen eta aparkalekuen beharrak aztertzeko. Beste auzoetan azalduko dira beharrak, eta zer proposatuko zaie, garajeak erostea? Alde Zaharreko bizilagunei ez diete hori eskatuko, baina hori izan da San Martingo auzokideoi eman diguten aukera bakarra. Agian ez gara Azkoitikoak. Espero dezagun beste bi toki horien aukerek aurrera egitea eta etxe berriaren azpian egin zitekeen bigarren sotoa ez egiteagatik damutu beharrik ez izatea.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide