Motozaleen topaketa egingo dute larunbatean Azkoitian

Iraia Oteiza 2024ko mai. 15a, 10:45

Goizean, ibilbidea egingo dute eskualdean zehar motozaleek. Lagunarteko bazkaria egin ondoren, arratsaldean moto erakustaldia izango da herriko plazan.

Bikers Urola Kosta motozaleen taldeak antolatuta, moto topaketa egingo dute larunbatean laugarrenez Azkoitian. 09:30 inguruan hasiko dira motozaleak herriko plaza nagusian elkartzen; izan ere, ordu horretan zabalduko dute 14:30ean lagunartean egingo duten bazkarirako izen ematea. Bazkarirako izen ematearen prezioa 28 eurokoa da.

Partaide guztiak elkartzen direnean, ibilbide bat egitera aterako dira, 10:30ean abiatuta. Itziarko Itziar ostatu jatetxe aldera joango dira; 11:15 inguruan iritsiko dira hara, eta ordubete inguruko geldialdia egingo dute bertan. Itziar ostatu jatetxetik berriro Azkoitira zuzenduko dira motozaleak, 13:00etan egingo baitute txikiteoa. Aurtengoan, Laja jatetxean egingo dute bazkaria, 14:30ean.

Arratsaldean ere jarraipena izango du motozaleen jaiak. 17:30ean, DMT Team pilotu eskolaren erakustaldia izango da. Iaz, Julio Urkixo kalean egin zuten moto erakustaldia; aurten, herriko plazan egingo dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide