Inauteriak 2024

Mozorro koloretsuekin ekin diete inauteriei herrian

Iraia Oteiza 2024ko ots. 10a, 13:00

Ikastetxeetakoen mozorro festarekin hasi dira aurten ere karnabalak Azkoitian. Eguraldi txarraren iragarpenaren ondorioz atzo arratsaldeko kalejira bertan behera geratu bazen ere, festa izan zen nagusi ikastetxeetan eta ondorengo dantzaldian.

Hasi dira 2024ko inauteriak Azkoitian ere. Eguraldiaren iragarpen txarra medio, aurtengoan ez dute kalejirarik egin ikastetxeetako gaztetxoek, baina gozatu ederra hartu zuten atzo ikastetxeetan egin zituzten mozorro festetan eta ondorengo dantzaldian. Ikastetxeetatik mozorrotuta atera ziren gaztetxoetako asko Gurea pilotalekuan elkartu ziren 17:00etatik aurrera, Oihan Vega DJak jarritako musikarekin karnabaletako lehen arratsaldeaz gozatzen jarraitzeko.

Gauean, berriz, 21:30etik 23:30era arte, 12 eta 17 urte arteko gazteei zuzendutako inauteri festa egin zuten Elkargunean; DJ Xabi Festek jarri zuen musika, eta mozorro lehiaketa ere egin zuten.

Gaur, egun handia

Azkoitiko karnabaletako egun handia, ordea, gaurkoa izango da. Eguerdian hasi da festa giroa Txalkor txistulari taldekoen, Azkoitiko Udal Bandakoen eta Bizkargi Musika Eskolako ikasleen kalejirekin, eta bihar goizaldera arte jarraituko du jaiak. Honako hau da gaurko festa egitaraua:

  • 13:00. Tximeletak txarangaren kalejira.
  • 17:00. Tximeletak txarangaren kalejira.
  • 18:00 - 21:00. Sukar taldearekin dantzaldia, herriko plazan.
  • 21:00. Mozorro lehiaketaren sari banaketa, herriko plazan.
  • 22:00 - 01:00. Sexu-bizi gune morea. Informazioa, aholkularitza eta eraso matxisten aurkako babes gunea.
  • 22:30 - 00:00. Sukar taldearekin dantzaldia, herriko plazan.
  • 23:00 - 02:00. Drogen kontsumoak eragiten dituen arriskuak prebenitzeko eta murrizteko zerbitzua. Alkoholemia froga egingo da.

(Argazkiak: Floreaga, Xabier Munibe, Bizilore eta Iraia Oteiza)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide