San Andres eguneko ekitaldiak izango dira biharko protagonista

Nerea Uranga 2023ko aza. 29a, 10:00

Iazko San Andres eguneko irudi bat. (Anartz Izagirre)

Plazako arkupeetan Azkoitia BHIren eta Floreaga ikastetxearen talo eta txistorra postuak egongo dira. Kontzejupe pilota txapelketako zazpi final ere jokatuko dituzte.

Aurreko asteburuetan sanandresekin lotutako ekitaldi eta ospakizun ugari izan dituzte Azkoitian herria girotzeko: helduen danborradaren 75 urteurreneko jaialdia eta danborrada, kontzertuak, herri lasterketa, dantza emanaldiak, azokak... Bihar, azaroaren 30a izanik, San Andres eguna ospatuko dute, eta taloa eta txistorra izango dira protagonista plazan. Plazako arkupeetan Azkoitia BHIren eta Floreaga ikastetxearen postuak jarriko dituzte; Ikasberri ikastolak eta Presoen Lagunak taldeak aurten ez dute posturik jarriko, Euskal Herriko Mugimendu Feministak biharko deitutako greba feminista orokorrarekin bat egingo dutelako.

Taloa eta txistorra postuez gainera, herriko kaleak girotuko dituzte arratsaldera bitartean dultzaineroek, trikitilariek eta txistulariek. Ordurako, Txuri Urdin elkarteak haurrentzat eta gaztetxoentzat antolatutako marrazki lehiaketa abian izango da, eta herriko hainbat txokotan ikusi ahal izango dira marrazkilari gazteak beren lanak egiten.

Eguerdian, ohi bezala, herri kirol erakustaldia izango da plazan.

Pilota txapelketako finalak

Bihar, 16:00etatik aurrera, Kontzejupe Sariaren finalak jokatuko dituzte. Azken hilabete eta erdian 60 partida baino gehiago jokatu dituzte 49. pilota txapelketan, udaletxe azpiko Kontzejupe frontoian, eta Oteiza pilota elkarteak jakinarazi du zeintzuk izango diren biharko finalistak.

Mailaz maila zazpi pilota partida jokatuko dituzte, eta honako pilotari hauek izango dira bakoitzean: benjamin B mailan, Intza Orozko eta Eiden Galarraga Eritz Zabaletaren eta Haize Aramendiren aurka arituko dira; benjamin A mailan, Eneko Martija eta Aietz Arizmendi Ekain Aramendiren eta Lur Juaristiren aurka; kimuen B mailan, Aunitz Zaldua eta Aitzol Garate Mikel Azkuneren eta Younes El Ouafiren aurka; kimuen A mailan, Jakes Kortadi eta Oihan Mendizabal Aratz Orozkoren eta Xanet Aranaren aurka; infantiletan, Erik Ariztegi eta Ibai Etxeberria Ibai Zamoraren eta Pello Alkortaren kontra; kadete eta jubenilen mailako finala buruz burukoa izango da, eta Julen Etxaniz eta Jon Arregi izango dira finalistak; azken partida nagusiena izango da, eta honako bikote hauek arituko dira nor baino nor: Alex Juaristik eta Alex Juaristik Jon Oteizaren eta Lander Alberdiren aurka neurtuko dituzte indarrak.

Sentsibilizazio kanpaina

Bihar, Hiesaren aurkako egunaren bezperan, herritarrak gaitz horren prebentzioaz sentsibilizatzeko tailerra eskainiko du Azkoitiko Gurutze Gorriak, doan, plazan.

11:30etik 14:30era artean postua jarriko du Gurutze Gorriak, hara bertaratzen direnek sentsibilizazio saioa jaso dezaten taldean. Antolatzaileen helburua da sexu harremanetan preserbatiboa erabiltzeak duen garrantziaz gazteak ohartaraztea, eta horretarako, alkoholemiaren eragina simulatzen duten errealitate birtualeko betaurrekoak emango dizkiete saioko parte hartzaileei.

Antolatzaileen esanetan, funtsezkoa da "sexu harreman ez seguruek" eragin ditzaketen arriskuak gizarteratzea eta herritarrak sentsibilizatzea. Hori hala, hiesaren eta sexu bidez transmititzen diren beste infekzio batzuen prebentziorako materiala ere banatuko dute tailerrean.

Hona hemen San Andres eguneko egitaraua, osorik:

  • Bihar, San Andres eguna
    • Egun osoan zehar, talo, txistor eta abarren postuak, plazako arkupeetan.
    • 09:30ean, herriko dultzaineroen eta trikitilarien kalejira.
    • 10:00etan, marrazki lehiaketaren hasiera, Txuri Urdin elkarteak antolatuta.
    • 11:00etan, Azkoitiko trikitilari gazteen kalejira.
    • 11:30ean, Txalkor txistulari taldearen kalejira.
    • 11:30etik 14:30era, Hiesaren prebentziorako sentsibilizazio saiorako postua, Gurutze Gorriaren eskutik, plazan.
    • 12:00etan, elkarretaratzea, Mugimendu Feministak deitutako greba feminista orokorrarekin bat eginez, eliz atarian.
    • 12:30ean, herri kirol jaialdia, plazan.
    • 14:00etan, marrazki lehiaketako sari banaketa, plazan.
    • 16:00etan, Kontzejupe pilota txapelketaren finalak, Kontzejupean.
    • 20:00etan, Josu Rodriguez DJa, plazan.
    • 22:00etan, suzko zezena, plazan.
  • Abenduak 1, ostirala
    • 22:00etan, San Andres kintopeko idi dema saria, Gurean. Oliden (Orio), Lekanda (Urduliz, Bizkaia), Asador Iruña (Jatabe, Bizkaia) eta Kaminoko (Murueta, Bizkaia).
  • Abenduak 2, larunbata
    • 22:00etan, San Andres kintopeko idi dema saria, Gurean. Soarte (Elgoibar, Gipuzkoa), Iñaki Lopategi (Birle, Bizkaia) eta Zornotza (Zalla, Gipuzkoa).
  • Abenduak 3, igandea
    • 10:00etan, XXVIII. San Andres xake txapelketa, Elkargunean. Anaitasuna Kakute taldeak antolatuta.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide