75. aldiz, danbor eta txapa hotsek hartu dute herria

Aitziber Arzallus 2023ko aza. 26a, 11:50

Atzo gauekoa Azkoitiko helduen danborrada egiten zuten 75. aldia izan zen, eta urteurren borobila ondo ospatuta utzi zuten, kanoikada eta guzti. Fresko eginagatik, giroa ederki berotu zuten danborradan parte hartu zuten hamabi taldeetako 500 bat kideek zein desfilea bertatik bertara ikustera atera ziren ehunka herritarrek.

Hotza ez zuten oztopo izan atzo gaueko helduen danborradan atera ziren 12 taldeetako 500 bat kideek, eta ezta desfilea bertatik bertara ikustera irten ziren ehunka herritarrek ere. 22:00ak jotzean hasi, eta gauerdia ondo pasatuta ixildu ziren danbor eta txapa hotsak Azkoitiko kaleetan.

Egun seinalatua zuen atzokoa helduen danborradak, lehen aldia egin zuteneko 75. urteurrena ospatu baitzuten. Ohiko ibilbidea egin zuten danbor jotzaileek: Gurea pilotalekutik abiatu ziren herriko plazarantz, han lehen geldialdia egiteko, eta ondoren, Plazaberritik barrena, Balda plazara heldu ziren; han egin zuten bigarren geldialdia. Julio Urkixo kalerantz joango ziren gero, eta bueltan, Plazaberritik barrena herriko plazara. Plazan egin zituzten bi geldiuneetan kanoikada bana ere bota zuten Elgoibarko danborradan erabiltzen duten kanoiaren erreplikarekin.

Ohiko piezak jo zituzten ibilbidean zehar, baina inoizko danborradarik jendetsuena izan zen atzokoa, kuadrilla bat gehiago batu baita festara: Belaño.

(Argazkiak: Arnaitz Rubio Aprea)

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide