Bederatzi elkartek hartuko dute parte igandeko Garapenean Bidelagun azoka solidarioan

Iraia Oteiza 2023ko aza. 22a, 12:59

Garapenean Bidelagun azokan parte hartuko duten elkarteetako kideak eta udal ordezkariak azokaren aurkezpenean. (Iraia Oteiza)

San Andres jaien atarian, bueltan da Garapenean Bidelagun azoka solidarioa. Igandean, hilak 26, bederatzi elkartek beren postuak jarriko dituzte plazan, eta beraien lan jardunaren inguruan jakiteko aukera izango dute herritarrek.

Elkartasuna eta sentsibilizazioa izango dira datorren igandean, hilak 26, plazan egingo den Garapenean Bidelagun azoka solidarioaren hitz gakoak. Garapen bidean dauden herrialdeei eta lurralde horietan laguntza beharrik handiena duten herritarrei zenbait esparrutan laguntzen dieten bederatzi elkartek parte hartuko dute ekimenean. Honako elkarteak izango dira igandean herriko plazan: Darahli, Lumaltik Herriak, Munduko Begiak, Mundu Solidarioa Helburu, Itsas Salbamendu Humanitarioa, Azkoitiko Misio Taldea, Gazteak eta Garapena, Behar Bidasoa eta Acoes. 

Goizean egin dute egitasmoaren aurkezpena udaletxean, eta bertan izan dira Sonia Vazquez Azkoitiko Udaleko Gizarte Zerbitzuetako zinegotzia eta azokan parte hartuko duten hainbat elkartetako ordezkariak. Horiek guztiek udalaren diru laguntza jaso dute beren jarduneko hainbat proiektu gauzatzeko, eta diru hori zertara bideratu duten zehaztu dute. Vazquezek erakunde horien lana goraipatu du: "Egia da gero eta gizarte indibidualistagoan bizi garela, gero eta gehiago begiratzen diogula geure zilborrari, eta sentipen orokorra dela solidaritatearen olatuak ez gaituela harrapatzen. Horren aurrean, eredu dira Gobernuz Kanpoko Erakundeak, munduko txoko ezberdinetako errealitate gordina ikustarazten laguntzen digutelako, zenbait proiektu garatzen dituzten bitartean". Halaber, herritarrei igandeko azokan parte hartzeko deia ere luzatu die hark.

Elkartasuna zabalduz

Munduko Begiak fundazioaren izenean Miren Rodriguezek hitz egin du. 21 urte daramatza elkarteak itsutasunaren aurkako borrokan, gehienbat, lurralde pobreetan eta errenta ertaina dutenetan. Azkoitiko Udalaren laguntza Maliko eskualde txiro batean gauzatzen ari diren proiektu batean inbertitu dute, "begi osasunean laguntzeko". Horrez gain, sentsibilizazio kanpaina egin dute irakasleekin, horiek begietako arazoak detektatzeko oinarrizko formakuntza izan dezaten, besteak beste.

Lurdes Alberdik, bestalde, Darahli elkartearen berri eman du aurkezpenean. Zumaian sortutako elkartea izanagatik, Azkoitian ere badu adar bat, eta Alberdik nabarmendu du "Euskal Herriaren eta Sahararen artean zubiak eraikitzea" dela elkartearen helburu nagusienetako bat. Saharako errefuxiatuen kanpalekuei laguntza ematen die Darahlik. Udalaren laguntzarekin, esaterako, ur deposituak ezarri dituzte errefuxiatuen esparruetan.

Mundu Solidarioa Helburu elkarteko Isabel Medinak ere beren azken proiektueninguruan hitz egin du, eta azaldu duenez, egun Nikaraguan ari dira lanean, besteak beste. Guk ere ahal dugu programaren barruan, Gobernantza eredu inklusibo baterantz proiektua da, esaterako, eskuartean dutenetako bat, eta aniztasun funtzionala duten pertsonen inguruko egitasmoa da. Horrez gain, Garagune fundazioarekin elkarlanean dihardute, aniztasun funtzionala dutenek komunitateari egiten dioten ekarpena oinarri duen proiektu batekin.

Herrian errotuta dagoen eta azokan parte hartuko duen beste elkarteetako bat da salestarren Gazteak eta Garapena fundazioa. Juan Inazio Sudupe izan zen hango ordezkari moduan hitz egin duena, eta hark adierazi du euren jarduna, bereziki, gazteekin eta heziketarekin lotuta dagoela. Taldeak hainbat ekimen gauzatzen ditu urtean zehar, horietako asko, Azkoitian; esaterako, Beningo kaleko umeen aldeko zozketa, bigarren eskuko produktuen denda zein Solidaritate Pintxoa. Sudupek azaldu duenez, beren GKEa "salestarren proiektuei loturik" dago gehienbat, eta Amerikan nahiz Afrikan kalean bizi diren gazteei laguntzen diete, "betiere gazteak prestakuntzara bideratuz". Udalaren eskutik jaso duten laguntzarekin, Mozambiken energia berriztagarrietan "urrats handia" eman dute, eguzki plakak ezarrita.

Behar Bidasoak hainbat herrialdetan lan egiten du, eta Iñaki Lizasok azaldu duen moduan, "baliabiderik ez dutenentzat etxebizitzak eraikitzea da, une honetan, elkartearen misioa". Rwandako Kabugako garapen poloan dihardute lanean misiolariek. "Guraso bakarreko familiak dira gehienak, senarrak espetxean dituzten emakumeak eta haien seme alabak", adierazi du Lizasok. Hainbat udalen laguntza jasotzen dute proiektu hori gauzatzeko, tartean, Azkoitikoarena.

Azkenik, Azkoitiko Misio Taldeak ere beren zereginen berri eman du. Maliko ikastetxe bateko 700 umeri laguntza ematen diete, eta orain, elikagaiez betetako edukiontziak, arropa zein ikasmateriala bidali beharrean, dirua bidaltzen diete zuzenean, "bertako funtzionarioak bidalitako gauzekin gera ez daitezen". Mari Pura Arambarri kideak azaldu duenez, aurten ere, Garapenean Bidelagun azokan parte hartzeaz gain, Bidezko Merkataritzaren denda jarriko dute abenduaren 15etik 23ra bitartean, goizez zein arratsaldez, Portaleburu erakusketa aretoan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide