"Egitarauan ez da aldaketa nabarmenik emango eta urteroko ekintzez gozatzeko aukera" izango da aurten ere San Andres egunez Azkoitian, Euskal Herriko Mugimendu Feministak egun bererako greba feminista orokorra deitu badu ere.
Gaur plazaratu duen ohar baten bidez, San Andres eguna antolatzeko lanak "normaltasun osoz" aurrera doazela jakinarazi du Azkoitiko Udalak, azaroko azken eguneko festa egunaren inguruan egon zitezkeen zalantzak argituz. "Euskal Herriko Mugimendu Feministak azaroaren 30erako greba feminista orokorra deituta badu ere, udalak San Andres eguneko antolaketa lanekin jarraitzen du. Udala bera eta San Andres egunean parte hartu ohi duten ikastetxe, eragile, elkarte edota gizabanakoen gehiengoa festa eguna mantentzearen alde agertu da, eta beraz, antolaketa lanak normaltasun osoz doaz aurrera", zehaztu du erakundeak.
Hala ere, aurten txorizoa, taloak eta bestelakoak saltzen dituzten txosna gutxiago jarriko dituzte plazan, udalak jakinarazi duenez: Ikasberrik eta Presoen Lagunak taldeak ez dute txosnarik jarriko, greba deialdia dela eta; horrela, Azkoitia BHIkoen bi postuak –DBHkoa eta Batxilergokoa– eta Floreaga ikastetxearena izango dituzte aukeran festara batzen direnek.