Hasi dituzte helduen danborradako entseguak

Iraia Oteiza eta Urtzi Oteiza 2023ko aza. 7a, 12:00

Sanandresetako danborradarako berotzen hasi dira azkoitiarrak. Aurten, Belaño izeneko talde berri bat batuko da danborradara, eta beraz, 12 taldek hartuko dute parte, inoiz baino gehiagok. Erlo Telebista danborradaren lehen entseguan izan da.

Azaroaren 25ean egingo dute helduen danborrada Azkoitiko kaleetan barrena, eta egun horretarako prestatzen hasi dira azkoitiarrak. Ehun bat parte hartzaile bildu ziren atzo lehen entseguan, Gurea pilotalekuan.

Aurten, gainera, talde berri bat aterako da danborradan: Belaño taldea. Beraz, 12 izango dira danborra jotzen aterako diren taldeak, inoiz baino gehiago, danborradaren 75. urteurrenean. Hori horrela, banatu egin dituzte taldeentzako entsegu egunak, eta konpainia bakoitzak dagokion egunean entseatuko du, guztietan beharrean: astelehenetan, Napoleon, Ixkiturri, Xabier Munibe ikastola, Txintxarri, Zalduntxoak eta Belaño taldeek entseatuko dute; asteazkenetan, berriz, pilotariak, euskal presoen eskubideen alde, Floreaga ikastetxea, Aldapa taldea, Zalduntxoak eta Belaño taldeek. Erlo Telebistak bideoz jaso ditu atzoko entseguko irudiak eta talde berriko zein beste taldeetako hainbat danborjoleren adierazpenak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide