Datorren hilaren 25ean egingo dute helduen danborrada Azkoitiko kaleetan, eta hura prestatzen hasiko dira astelehenean, hilaren 6an. Aurten, gainera, konpainia berri bat batuko da danborradara: Belaño. Beraz, guztira hamabi izango dira desfilean aterako diren taldeak; orain arteko danborrada jendetsuena izango da, bere 75. urteurrenean.
Hurrengo hiru asteetan, astelehenetan, asteazkenetan eta larunbatetan izango dira entseguak Gurea pilotalekuan, baina izango da berrikuntzarik. Izan ere, parte hartzaile kopurua dela eta, banatu egingo dituzte taldeentzako entsegu egunak, eta konpainia bakoitzak dagokion egunean entseatuko du, guztietan egin beharrean: astelehenetan, Napoleon, Ixkiturri, Xabier Munibe ikastola, Txintxarri, Zalduntxoak eta Belaño taldeek entseatuko dute; asteazkenetan, berriz, pilotariak, euskal presoen eskubideen alde, Floreaga ikastetxea, Aldapa taldea, Zalduntxoak eta Belaño. Dena den, dagokien egunean joan ezin dutenek beste entsegu egunetan ere parte hartu ahal izango dute, entseguetarako osatu duten talde mistoan.
Astelehenetan eta asteazkenetan 20:00etatik 21:00etara artean egingo dituzte entseguak, eta larunbatetan, 11:00etatik 12:00etara artean.