2023ko udal eta foru hauteskundeak

Azkoitiko EH Bilduk biharko kargu hartze ekitaldian argituko du bere botoa

Andoni Elduaien 2023ko eka. 16a, 19:58

EH Bilduko zerrenda kideak, Balda plazan. (Andoni Elduaien)

EH Bilduk negoziaketen azken asteko balorazioaren berri emateko oharra kaleratu du, baina ez du argitu biharko kargu hartze ekitaldian zer boto emango duen. Alkate berriaren izena ez da ezagutuko, beraz, kargu hartze ekitaldira arte. 

Azkoitiko EH Bilduk oharra kaleratu berri du, baina koalizioak ez du zehaztu zein izango den bihar eguerdiko kargu hartze ekitaldian emango duen botoa; beraz, biharko ekitaldira arte ez du argituko koalizioak bere erabakia, eta azken unera arte itxaron beharko da agintaldi berriko alkatea nor izango den ezagutzeko.

Hauteskunde osteko hirugarren astearen balorazioa egin du koalizioak, eta azaldu du herenegun, asteazkenean, Azkoitia Bairekin egindako bileran "biko gobernu bat osatzeko proposamenak elkartrukatu" zituztela bi aldeek. "Haiek proposamen programatikoa egin ziguten, eta gu osotasunean onartzeko prest azaldu ginen", azaldu du EH Bilduk oharrean. Biko gobernua gauzatzeko, "Azkoitia Bairen proposamena oinarri hartuta, akordiorako proposamen zabalagoa" helarazi ziela azaldu du koalizioak, "erantzukizunak eta protagonismoak konpartituz".

Dena den, Azkoitia Baik atzo Elkargunean egindako bileran hartu zuen erabakia tarteko, koalizioak dio "argi" gelditu zaiela ez dutela izan "inoiz gobernu bat osatzeko borondaterik". Oharrean azaldu dutenaren arabera, gaur goizean izan dute hartu-emana azkenekoz. "Gaur goizean, guk galdetu ondoren jaso dugu erantzuna: ez dute gurekin akordiorik sinatuko, eta eztabaida nahiz adostasun batera iristeko ateak itxi dituzte". Horren aurrean, koalizioak "garbi" utzi nahi izan du "garrantzitsuena 'zertarako?' galderari erantzutea dela, eta ez 'nor?' galderari". Hain justu, hor dago "gakoa" EH Bildurentzat. "Edukietan eta programan oinarritutako akordio bat izan dugu helburu hasiera-hasieratik".

Bihar emango duten botoa zein izango den argitu ez badute ere, koalizioak nabarmendu du "lanean" jarraituko dutela honako gai hauetan guztietan: "Alda Zaharraren biziberritzea, auzoetako irisgarritasuna bermatzea, etxebizitza hutsak alokatzea, zerga politika progresiboa, trantsizio ekosozial justu bat, gure nekazariak bultzatzea, aurrekontu parte hartzaileak berreskuratzea, San Jose egoitzako egoera zaintzea, euskara biziberritzea eta abar luze bat".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide