Azkoitia Bai herri plataformak bere aldeko botoa emango du zapatuko kargu hartze ekitaldian. Hala adierazi dute Elkargunean gaur egin duten bilera irekian. Hori horrela, oraindik ikusteko dago 2023-2027 agintaldian nor izango den herriko alkatea. Jose Joakin Etxaniz Azkoitia Bai herri plataformaren zerrendaburuak azaldu du "alderdi guztien arteko gobernu bat bermatu dadin" hartu duela herri plataformak larunbatean bere buruaren aldeko botoa emateko erabakia.
"Guztien arteko gobernu bat osatu behar dela pentsatzen" jarraitzen du Azkoitia Baik, eta hori lortzeko "bide bakarra" da haien iritziz beraien buruari botoa ematea. "Ez dugu beste inor baztertu nahi; guk beste guztiekin jarraitu nahi dugu lanean. Hori esan dugu orain, hori esaten genuen duela 24 urte eta hori esaten jarraituko dugu. Lehen egunetik azkenera arte esan duguna mantentzeko, geure buruarekiko koherenteak izateko, ez digute beste erremediorik jarri beste alderdiek". Etxanizek azpimarratu du "herriarentzat egokiena" beraien buruari botoa ematea dela. "Guztiok batera lanean jarri nahi badugu, ez dago beste erremediorik".
Herriko aginte makila nork hartuko duen, beraz, larunbateko ekitaldian erabakiko da. Bozketa bakarra izango da, eta inork ez badu lortzen gehiengo osorik –bederatzi boto behar dira gehiengo osoa lortzeko–, zuzenean zerrenda bozkatueneko hautagaia izendatuko dute alkate. Azkoitia Baik garbi utzi du beraien aldeko botoa emango duela. "Guk gure aldeko botoa emango dugu. Ez dakit besteek zer egingo duten, baina irteten dena irteten dela, ontzat hartuko dugu".
Azkoitia Bairen gaurko erabakiarekin EH Bildu alkatetza hartzeko aukerarik gabe gelditu da, baina, hein batean, koalizioaren botoek erabakiko dute orain agintaldi berrian herriko alkatea nor izango den; izan ere, EH Bilduko hautetsi guztiek Azkoitia Bairen aldeko botoa ematen badute bozketaren batean, herri plataformako Etxaniz zerrendaburuak hartuko du herriko aginte makila.
Ordea, Etxanizek adierazi du larunbatean ez dutela botoa alkatetza lortzeagatik emango. "Gure buruari botoa emanda alkatetzaren bila goazela pentsa dezake jendeak, baina ez da horrela; ez goaz horren bila. Guztien arteko gobernua bermatzeko emango dugu pauso hau. Ez dut alkate izan nahi, baina guri botoa ematen badigute, arduraz hartuko dugu kargua eta lanean jarriko gara". Etxanizek esan du "ideiarik ez" duela EH Bilduk zer bozkatuko duen. Gainera, bileraren amaieran adierazi dute gaur hartu duten erabakia "atzeraezina" dela, eta erabakiarekin aurrera egingo dutela.
Alkatetza, jokoan
Herriko alkate berriaren izena gaur erabakiko zela pentsatzen zutenek, larunbatera arte itxaron beharko dute. Azkoitia Bairen gaurko erabakiak bi ate utzi ditu zabalik. Batetik, hauteskundeak irabazi zituen Ana Azkoitia EAJren zerrendaburuak ditu aukerak, eta bestetik, Azkoitia Bairen alkategai Etxanizek. Hori horrela izan dadin, alderdi guztiek beraien buruaren alde bozkatu beharko lukete, edota, bestela esanda, inork ez luke beste alderdiren baten alde egin beharko. Azkoitia Baik bere botoa argitu du, eta herri plataformak ez du beste inoren alde egingo. Ikusteko dago EH Bilduren sei ordezkariek zer erabakiko duten. PSE-EEren ordezkariaren botoa, berriz, ez da nahikoa izango inolako gehiengo osorik lortzeko.
Herri plataformak alkatetza lortuz gero, Udal Gobernua osatzea izango da hurrengo pausoa, eta ikusteko dago hor alderdi bakoitzak zer erabakiko duen. Dena den, herri plataformako Etxanizek argitu du atzo negoziazio bilera izan zutela EAJrekin. Hark adierazi du "harrituta" hartu zutela jeltzaleek herri plataformaren proposamena, baina "ezezkorik ez" zietela eman kasu horretan Udal Gobernuan sartzeari. "Adierazi genien guk ez dugula inongo arazorik guztiok batera joateko, nahiz eta alkatetzarako botoak EH Bilduk eman. Nahastuta gelditu ziren, baina ez ziguten ezezkorik eman. Guk ez dugu inor baztertzerik nahi; guk nahi duguna da guztiok batera lan egitea, alkatetzan egon edo ez. Hori da gure helburu nagusia". Azken epaia, larunbatean, 12:00etan, udaletxeko bilkura areto nagusian.