II. Hike eizan! Bertsopaper Lehiaketak baditu saridunak. Azkoitiko Udalak atzo, astelehena, jakinarazi zuen epaimahaiaren azken erabakia. Gazteen mailan, hamabost lan aurkeztu dira bertsopaper lehiaketara, eta helduen mailan, 11 lan.
18 urtez azpikoetan lehenengo saria hutsik geratu da, eta bigarrena, Aratz Iturbe 11 urteko azkoitiarrak irabazi du Nire arrebari bertso sortarengatik. Helduetan, 18 urtetik gorakoetan, alegia, lehenengo saria Izaro Zinkunegi errezildarrak jasoko du, Hire larrei, zure zaharrei izenburupean aurkeztutako bertsoengatik. Bigarren saria Jon Gurrutxaga azpeitiarrarentzat suertatu da Gure bizitza hunan bertso sortarengatik.
Azkoitia Saria, berriz, gazteen kategorian, Garazi Larrañagak eta Laia Sudupek jasoko dute elkarrekin idatzitako "Gaur goizen jaiki naun" izeneko bertso sortarengatik. Helduen kategorian, Azkoitia Saria Naia Arrizabalaga azkoitiarrak irabazi da Lurraren Estalkiak lanarengatik. Gazteetan sei bertso ziren aurkeztu beharrekoak eta 18 urtetik gorakoetan, zortzi bertso.
Epaimahaia Hike eizan! lantaldeko eta Erniarraitz Bertsozale Elkarteko bina kidek osatu dute. Bertsoen kalitateaz gain, hitanoaren erabilera zuzena egiten den ala ez baloratu dute epaimahaikideek, lehiaketaren helburu nagusia hika, eta, bereziki, noka sustatzea baita.
Ekitaldia, ekainaren 22an
II. Hike eizan! Bertsopaper Lehiaketako sari banaketa ekitaldia ekainaren 22an, 19:00etan, Elkargunean egingo dute. Egun horretan bertan izango da III. Hike eizan! bertso saioa ere. Aurten, oholtzan izango dira bertsotan Andoni Egaña, Eli Pagola iazko bertsopaper lehiaketako sariduna, Jesus Mari Irazu eta Nerea Elustondo.