Azkoitiko EH Bilduk kanpaina bukaerako ekitaldia egin zuen atzo, osteguna, 19:00etan hasita, plazako arkupeetan. Dozenaka herritar izan ziren ekitaldian, igandeko bozen atarian koalizioko kideei babesa agertzen. Azkoitiko EH Bilduko alkategai Asier Altuna eta zerrenda osatu duten kideak ez ezik, han izan zen Julen Arzuaga legebiltzarkidea ere, eta hain zuzen, hura izan zen hitza hartzen aurrena.
EH Bilduk izatez, joan zen astean egin behar zuen atzoko ekitaldia, eta Oihana Etxebarrieta legebiltzarkideak parte hartu behar zuen hitzorduan. Dena den, Orioko hilketa tarteko, Gipuzkoako EH Bilduko hautetsiek kanpainako ekitaldiak bertan behera uztea erabaki zuten, eta horregatik atzeratu zuten Azkoitiko ekitaldia ere. Horri erreferentzia eginez, Arzuagak Etxebarrietak atzo plazan elkartutakoentzat idatzitako hitzak irakurri zituen aurrena.
Arzuagak, baina, Azkoitiarekin "zor bat" duela esanez hasi zuen hitzartzea. "Zuek bazenuten eta baduzue altxor bat, nik garai batean ez neukana. Erdal eremutik gatozenok, A ereduaren kaltetuok, euskara bidean bilatu behar izan dugu, eta badira 30 urte Nuarbera etorri nintzela euskara ikastera. Egunean zehar han ikasten genuen, baina iluntzean eskualdera etortzen ginen ikasitakoa praktikan jartzera. Eta zenbatetan etorri ginen Azkoitira, zuekin altxor hori partekatzera... Zorretan nago eta zor hori likidatu nahian esan nahi dizuet zuek transmititutako altxor hori erabiltzen dudala, bizitza euskaraz egiten dudala".
EH Bilduk kanpainan egin duen lana azpimarratu zuen hark, gainera, eta aurrean "erronka handiak" dauzkatela esan zuen, euskal gizarteak aurrez aurre dituen krisiak aipatuta. Espainiako Estatuko eskuin muturrean ere jarri zuen fokua: "Egun hauetan ibili dira guri mehatxuka, esanez berriro legez kanporatuko eta kartzelatuko gaituztela, berriro ere eskubideak eta askatasunak mugatuko eta murriztuko dizkigutela". EH Bildu, baina, etorkizunerantz bidea egiten ari dela argitu zien "iragan horretan" geratu nahi dutenei. "EH Bildu aurrera doa".
Bestalde, Espainiako Estatuan ezkerreko alderditzat hartzen diren horiei ere zuzendu zitzaien Arzuaga, haren esanetan, horiek ez dutelako legealdia aprobetxatu ezkerreko agenda bat mahai gainean jartzeko. "Penaz diot, ez direla kapazak izan anbiziotsuak izateko eta guk ikusi dugun aukeren leiho hori aprobetxatzeko. Gu saiatu gara herritarren eta langileen aldeko agenda bat jartzen. Ez naiz orain hasiko zenbat gauza lortu ditugun esaten, baina bat behintzat aipatuko dut: amaitu dugu dispertsioarekin, presoak Euskal Herrian daude, eta hurrengo urrats logikoa izango da euskal presoak etxera eta gure artera ekartzea ahalik eta azkarren".
Horrez gain, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan EAJ eta PSE-EE egiten ari diren "rodillo politika" izan zuen hizpide. "Elkarren artean anulatzen dira, elkar oztopatzen dira; izan ere, EAJk ez dio utziko PSE-EEri –nahi badu behintzat– ezkerreko politikak egiten, eta PSE-EEk ez dio uzten EAJri –nahiko balu behintzat– herri honen eraikuntza nazionalean urratsak ematen". Alderdien arteko "ereduen talka" ere aipatu zuen EH Bilduren legebiltzarkideak. "Alternatiba badago; diagnostiko ilun horri argitasuna ekartzen dio EH Bilduk, programak eta neurri alternatiboak ditu. EH Bilduk gehiengoentzat egin nahi du politika, ez elite jakin batzuentzat".
Hitzartzea bukatzeko, Maddalen Iriarte EH Bilduren Gipuzkoako ahaldungaiaz aritu zen hizketan Arzuaga, azkoitiarrek Batzar Nagusietarako "izugarrizko" hautagaia dutela esanda. "Pena handia daukat; batetik, Legebiltzarra utziko duelako, eta bestetik, nik ezingo diodalako bozkatu. Iker Casanova bozkatuko dut nik, baina zuek bozkatu Maddalen Iriarte, izugarrizko ahaldun nagusia edukiko duzuelako". Gipuzkoan EH Bilduk garaipena "esku-eskura" duela adierazi zuen Arzuagak, "beste Gipuzkoa bat egiteko aukera hatzamar puntarekin ukitzen" ari direla esan zien ekitaldira joandakoei. Igandera bitartean, gainera, "inor etxean geratu ez dadin lanean jarraitzeko" deia egin zien herritarrei, baita astelehenetik aurrera ere.
Agintea "esku-eskura"
Segidan, Ainara Goenaga EH Bilduren zinegotziak eta zerrendakideak hartu zuen hitza. Agintaldia bukatzen ari dela eta, urteotan udalean lanean aritu diren EH Bilduko kide guztiei eskerrak eman zizkien hark hunkituta, horiek herriaren alde egin duten lanagatik. "Oposizioan aritu gara lanean, baina gauzak lortu ditugu, herriarekin konpromisoa hartu dugulako. Lortu dugu euskara ikastea doakoa izateko, alokairurako dirulaguntzak jarri ditugu, Ingurumen Mahaia sortzea lortu dugu, komunitate energetikoa sortzeko diru partida jarri da, memoria historikoaren lanketa hastea lortu dugu, bidegorrian komun publikoak jartzeko konpromisoa hrtzea ere bai, Azkarateko planta geratzeko izugarrizko lana egin dugu...".
Egindako lanarekin "harro" dagoela esan zuen. "Gauzak ondo egin ditugula uste dut. Gaizki ere egingo genituen eta gauza batzuk beste modu batera egitea egongo zen, baina beti herriaren onura izan dugu helburu". Duela lau urte bezalatsu, "urduri" zegoela adierazi zuen Goenagak, nahiz eta orduko eta oraingo agertokiak desberdinak zirela zehaztu zuen. "Duela lau urte EAJk gehiengo absolutua zuen, eta hori kentzea lortu genuen: EAJk zortzi zinegotzi, EH Bilduk zazpi, PSE-EEk bat eta Azkoitia Baik bat. Gaur egun, baina, esku-eskura daukagu udala gobernatzeko aukera. Azken bultzada txiki bat falta zaigu, eta bultzada hori lortzeko zuen bultzada behar dugu".
Asier Altuna EH Bilduren alkategaiak hartu zuen hitza haren atzetik, eta urtarrilean hil zen Iñaki Salegi Txurruka izan zuen gogoan. Kanpainaren azken egunei erreferentzia eginez, "dena irekita" dagoela esan zuen hark. "Kanpaina emankorra izan da guretzat, EH Bilduk iniziatiba politikoa hartu eta erakutsi dugu gure herriarentzat alternatiba badugula. Ideia berriekin eta proposamenekin gatoz, eta prest gaude udalera bueltatzeko". Altunaren esanetan, kanpaina "freskoa eta ilusionagarria" egin dute, eta zortzi urteren ostean, "alkatetzara bueltatzeko prest" daude.
Zortzi urteotan alkate izan den Jabier Zubizarretari ere zuzendu zitzaion Altuna hitzartzean. "Politikarekiko desafekzioa aipatzen den honetan, zorionak eman nahi dizkiot Jabierri, bere ideien defentsan herria zerbitzatzeko konpromisoa hartu zuelako. Zortzi urteetako balantzea egin beharko bagenu, desadostasunak adostasunak baino gehiago izango lirateke, baina hala ere, herri berean bizi gara, eta denok nahi dugu herri honentzat onena". EH Bilduk, ordea, gauzak "beste era batera" egingo dituela azaldu du Altunak. "Proiektu desberdinak baditugu ere, herria egiten ari gara denok, eta desberdintasunak desberdintasun, garrantzitsua da elkarrekin adostatuko proiektuek jarraipena izatea".
Herri eredu berri baten aldeko lanari ekin nahi diotela ere esan zuen alkategaiak. "Balioetan oinarritutako herria eraikitzea izango da erronka. Herrigintza komunitarioa egin nahi dugu, eta horretara bideratuko ditugu gure indarrak, igandeko emaitza izaten dena izanda ere".