Casa de las Americas Cubako kultur erakundeak 2023ko literatura sariak banatu zituen joan zen ostiralean, La Habanan. Hainbat kategoriatan banatu zituzten sariak, eta Koldo Campos idazleak aipamen berezia jaso zuen Testigantza Literatura sailean. Azkoitiko bizilagunak honako lan honengatik jaso du aipamena: Peripecias procelosas y variopintas de un corrector y columnista vasco en la prensa dominicana. (Dominikar Errepublikako prentsako zuzentzaile eta zutabegile euskaldun baten peripezia zurrunbilotsuak eta askotarikoak).
Ez da lehenengo aldia Azkoitiko bizilagunak Casa de las Americas erakundeak banatzen dituen sarietan parte hartzen duela, eta hark azaldu duenez, "oso pozik" jaso du aitortza. Campos Dominikar Errepublikako El Nacional egunkarian aritu zen lanean hamazazpi urtez, eta egun, zutabegilea da Gara egunkarian. Bi hedabideetan izandako bizipenak bildu ditu idazleak 178 orritan.