2023ko udal eta foru hauteskundeak

Janire Igoa izango da PSE-EEren Azkoitiko alkategaia udal hauteskundeetan

Andoni Elduaien 2023ko mar. 7a, 15:02

Janire Igoa alkategaia eta Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako ahaldungai nagusia. (Andoni Elduaien)

Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Alderdi Sozialistaren idazkari nagusiak eta Gipuzkoako ahaldungai nagusiak aurkeztu du Igoaren hautagaitza eguerdian. Igoa alderdi sozialistaren bozeramailea izan da azken zazpi urteetan udalean. Azken agintaldian, gainera, Gizarte Zerbitzuetako eta Integrazioko zinegotzia izan da hura.

Janire Igoa (Azkoitia, 1992) izango da 2023ko udal hauteskundeetan PSE-EEren alkategaia. Gaur, asteartea, bere hautagaitza aurkeztu du Intsausti jauregian. Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Alderdi Sozialistaren idazkari nagusia eta Gipuzkoako ahaldungai nagusia izan du Alderdi sozialistaren alkategaiak alboan. Igoa azken zazpi urteetan izan da alderdi sozialistaren bozeramailea Azkoitiko Udalean; betetzear den agintaldian, gainera, Udal Gobernuko kide izan da, Gizarte Zerbitzuetako eta Integrazioko zinegotzi bezala.

Asensiok eman du Igoaren hautagaitzaren berria, eta hark esan du "poz handia" ematen diola Igoaren hura aurkeztea. "Gaztetasuna, ilusioa, konpromisoa eta adorea ikur dituen pertsona da Igoa. Udalean zinegotzi bezala egon den zazpi urte hauetan lan bikaina egin du Azkoitiaren eta azkoitiar guztien alde. Azken lau urteetan, gobernu taldean egon da Gizarte Zerbitzuak kudeatzen. Herritarrekiko duen gertutasuna eta enpatia gauzatu ahal izan ditu hainbat eta hainbat proiektutan, betiere azkoitiarren ongizatea zainduz eta herriaren beharrei erantzunez; bereziki, behar gehien duten herritarren alde aritu da", adierazi du PSE-EEren Gipuzkoako ahaldungai nagusiak.

Igoak, bere aldetik, adierazi du "ohorea" dela berriz ere azkoitiar guztiak ordezkatzeko aukera izatea. "Azken agintaldian garrantzitsua eta beharrezkoa izan da eskubide sozialak defendatzea eta azkoitiarren ongizatea nahiz zerbitzuak bermatzea. Ekimen ugari jarri ditugu martxan Udal Gobernuan egonda. Ilusioz egin dut lan eta herritarrek nigan jarri zuten ardurari erantzuteko ahalegin guztiak egin ditut", adierazi du alkategaiak.

Azken lau urteetan egindakoaren errepasoa egin du segidan PSE-EEren alkategaiak. "Gizarte Larrialdietako dirulaguntzak indartu ditugu, besteak beste, gizarte bazterkeria egoerak prebenitzeko, saihesteko edo arintzeko eta gastu espezifikoei aurre egiteko baliabide nahikoa ez duten pertsonei laguntzeko. Horri esker, familia eta pertsona gehiagorengana iritsi gara. Gainera, etxez etxeko laguntza zerbitzua indartu dugu, eta horri esker, azkoitiar gehiagok jaso dute laguntza etxean, izan arreta jasotzeko edo egunerokotasunean laguntzeko. Zaintzaileentzako laguntza talde bat ere sustatu dugu, eta adinekoen arretarako zerbitzua finkatu dugu Eguneko Arreta Zerbitzua, Hauskor programa eta Lagunkoia bateratuta".

Bestalde, hautagaiak azpimarratu du alderdi sozialistak proposatu zuela sexismoari buruzko informazio gida eta eraso matxista baten aurrean jarraitu beharreko bideak zein diren azaltzen duen eskuliburua banatzea. Bide horretan, Azkoitiko Gizarte Zerbitzuen Sailak eskaintzen dituen zerbitzuen eta laguntzen gida "laster" banatuko dutela jakinarazi du hark.

PSE-EEren Azkoitiko alkategaiak nabarmendu du "bereziki pozik" dagoela Azkoitiko Irisgarritasun Plana egin dutelako. "Herritarrei beraien auzoetarako, kaleetarako eta etxeetarako irisgarritasuna hobetu behar zaie. Era berean, mugikortasun arazoak dituzten pertsonak askatasunez mugitzeko aldaketak ezarri behar dira". Hari horri tiraka, Igoak adierazi du hilerria dela irisgarritasunaren arloan Azkoitiak duen "puntu beltzena eta gatazkatsuena". Hilerriko irisgarritasuna hobetzeko zeuden alternatiben azterketa egitea jaso zuten 2019ko udal hauteskundeetarako osatu zuten programan, eta gaur berretsi du proiektu hori babesten jarraituko dutela. Floreagako irisgarritasun arazoak ere hizpide izan ditu, eta horiek konpontzeko "lanean" ari direla adierazi du Igoak. "Proiektuaren bigarren faseko lanak hastear daude. PSE-EEk auzo osoko irisgarritasuna hobetzeko lanean jarraituko du". Halaber, parke bio-osasungarria eraikitzeko proposamena ere alderdi sozialistak egindakoa dela nabarmendu du alkategaiak.

Hauteskunde "programa egiten hasita" dago Azkoitiko alderdi sozialista, eta haren helburua da "azkoitiar guztien bizi kalitatea hobetzen laguntzeko lan egitea". Hitzartzea ixteko, esker hitzak zuzendu dizkio bere alderdiari. "Ez dut ahaztu nahi niri babesa eman didan lantaldea; ideiak emanez eta proposamenak eginez, orain arte egindako lana eta konpromisoa eskertu nahi dizkiet. Ziur naiz lan ona egiten jarraituko dugula".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide