2023ko udal eta foru hauteskundeak

Jose Joakin Etxaniz izango da Azkoitia Bai herri plataformaren alkategaia udal hauteskundeetan

Andoni Elduaien 2023ko ots. 24a, 12:48

Jose Joakin Etxaniz, Azkoitia Bai herri plataformaren alkategaia. (Azkoitia Bai)

Azkoitia Bai herri plataformaren zinegotzi edo bozeramaile bezala bi agintaldi bete ditu Jose Joakin Etxanizek udaletxean. Plataformak ohar bidez azaldu du "hogei laguneko zerrenda osatuta" dutela.

Jose Joakin Etxaniz (Azkoitia, 1967) izango da 2023ko udal hauteskundeetan Azkoitia Bai herri plataformaren alkategaia. Gaur, ostirala, ohar bidez eman du hautagaitzaren berri herri plataformak. "Azkoitia Bai osatzen dugunok ondo ezagutzen dugu Etxaniz, dagoeneko zortzi urte bete ditu zinegotzi karguan, eta bere etxea bezala ezagutzen du udaletxea. Alkate edo zinegotzi izan, beste lau urtez kargu horretan jarraitzeko borondatea azaldu digu, eta gainerako guztiok gure oniritzia eman diogu", azaldu du plataformak oharrean.

Azkoitian sortu daitezkeen arazoei aurre egiteko, Azkoitia Bai-k "arlo ezberdinetako pertsona arduratsuez osatutako zerrenda, herriko beste hainbat taldetan nahiz ekintzetan zailduak" diren kideekin osatutako taldea aurkeztuko du hauteskundeetara. Hain justu, "hogei laguneko zerrenda osatuta" dutela azpimarratu dute, baita "lantalde polita" osatu dutela ere. "Bileretan aurrez aurre edo beste bide batzuk erabiliz, guztiok ematen dugu gure iritzia, eta berdin jokatzen dugu gure hautagaiak nor izango diren erabakitzerakoan ere; guztiek dute aukera berdina". Etxaniz alkategaiak "indartsu" ikusten du plataforma, eta haren arabera, hori "ezinbesteko aurrekaria" izan da hura berriro hauteskundeetara alkategai bezala aurkezteko.

Era berean, jakinarazi dute 2019ko hauteskundeetako emaitzen ondoren "hausnarketa prozesu bat egin beharrean" aurkitu zela plataforma, eta bide hura oinarri hartuta ekin ziotela agortzear den agintaldiari. "Taldea osatzen dugunok beti sentitu dugu Azkoitira mugatzen den herri plataforma baten beharra. Dena den, atzetik herritarrik ez badago, ez du zentzu handirik herriarentzat lan egiteak".

Herriko arazo nagusienetan "herritarrak erdigunean" jarri dituztela nabarmendu du plataformak, hala nola Azkarateko eraikuntza eta eraispen hondakinak kudeatzeko gunean, San Jose egoitzaren kudeaketan eta Oletako eolikoen proiektuan. "Beste inongo eraginik edo agindurik gabe, herritarrak jarri ditugu erdigunean eta egindako lanak eman ditu bere fruituak"

Bi agintaldi daramatza Etxanizek Azkoitia Bai-ren zinegotzi edo bozeramaile karguan. Oposizioan egonda, plataformak adierazi du azken agintaldietan "eguneroko lana" egin dutela. "Nahiz eta baliabide gehiegi ez izan, eta jakinda oraindik ere hobetzeko asko dugula, herritarrei informazioa helarazten diegu; ari gara aurretik sumatutako hutsunea betetzen, nolabait. Gabezia horri pixkanaka irtenbidea ematen gure blogean, Maxixatzenen komunitatean eta sare sozialetan. Udalbatzarretan gure taldeak esandakoak eta bozkatutakoak idatziz argitaratzen ditugu, udaleko gai garrantzitsuenetan gure iritzia herrira zabaltzen dugu, eta udalaren komunikabideetatik argitaratzen ez diren beste hainbat gai kaleratu ditugu".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide