Euskaraldirako prestatzen joateko mintegi irekia egin dute Azkoitian

Nerea Uranga 2022ko urr. 1a, 16:47

Azaroaren 18tik abenduaren 2ra bitartean izango da Euskaraldia, eta egun horietarako ekintzak prestatzeko bildu dira gaur Azkoitiko hainbat eragiletako ordezkariak eta banakoak Elkargunean. Taldeka eta denek batera hainbat dinamika egin dituzte.

2022ko Euskaraldia hasteko hilabete eta erdi falta dira, azaroaren 18tik abenduaren 2ra artean egingo da aurten. Dagoeneko egitasmo hori prestatzeko aurreko lanak egiten hasita daude Azkoitian. Gaur, zapatua, esaterako bi orduz mintegi irekia egin dute Elkarguneko aretoan. Parte hartzea librea eta irekia izan da, eta Azkoitiko hainbat eragiletako ordezkariak nahiz norbanakoak elkartu dira. Denek batera eta taldeka hainbat dinamika egin dituzte.

Gaurko mintegian jasotako ekarpenekin eta proposamenekin Euskaraldia bera sustatzeko nahiz egitasmoaren barruan herrian egingo diren dinamikak edota ekintzak prestatuko dituzte.

Hitzez ekiteko garaia da goiburu hartuta, egingo da aurtengo Euskaraldia, eta hizkuntza erabileran eragitea xede duen ariketa kolektiboan parte hartzera deituta daude 16 urtetik gorako euskal herritarrak. Aurreko bi edizioen moduan, ahobizi edo belarriprest gisa parte har dezakete norbanakoek. Horiek izena emateko epea zabalik dago, eta parte hartu nahi dutenek online eman ahal dute izena, euskaraldia.eus webgunearen bidez eta, horrez gain, aurrerantzean Azkoitian antolatutako ekitaldietan ere horretarako aukera jarriko dute.

2018. urtean egin zuten Euskaraldiaren lehen edizioa, eta 2020. urtean egin zuten bigarrena. Azken edizio horretan, gainera, berrikuntza bat izan zen: entitateen parte hartzea. Antolatzaileek azkoitiarren parte hartzea areagotu nahi dute Euskaraldiaren hirugarren edizio honetan.

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide