Azkoitiko Idiakez Ederra etxearen proiektua aurkeztu dute

Urola Kostako Hitza 2018ko abenduaren 22a

Quindos, Zubizarreta eta Landa, atzo, aurkezpenean. (Ane Olaizola) Azkoitiko Idiakez Ederra etxeak edo Nagusia 80 eraikinak datozen urteetan hartuko duen itxura aurkeztu zuten atzo, ostirala, Javier Zubizarreta alkateak, Carlos Quindos Visesako zuzendariak eta Mikel Landa arkitektoak. Visesa sozietate publikoak hamasei Babes Ofizialeko Etxebizitza eraikiko ditu etxe horretan, eta proiektua diseinatzen ari dira Landa eta Alazne Ochandino –azken horrek ezin izan zuen aurkezpenera joan– arkitektoak. Hain zuzen ere, etxebizitzen barrualdea eta antolaketa aurkeztu zituzten Elkargunean egin zuten saioan, eta barruko patioa zein fatxada nolakoak izango diren ere azaldu zuten. Alkateak azpimarratu zuen "ahalegin guztiak" egiten ari direla eraikinari irtenbidea emateko, baina horretarako proiektua "bideratuta" dagoela baieztatu zuen. "Bukaera gertuago dugu hasiera baino, baina pazientzia pixkat eskatzen dizuet", esan zien han bildutako dozenaka herritarrei. Quindosek, bere aldetik, gogoratu zuen halako hondare historiko batean hamasei etxebizitza egitea "erronka" handia dela, eta lanik zailena finantziazioa lortzea izan dela gaineratu zuen. Besteak beste, Gipuzkoako Foru Aldundian, Eusko Jaurlaritzan eta Espainiako gobernuan eskatu dituzte diru laguntzak. XVII. mendeko mujedar estiloko jauregia da Idiakez Ederra etxea, eta Quindosek adierazi zuenez, han biziko direnek XXI. mendeko "prestazio guztiak" edukiko dituzte. Guztiek onartu zuten obra konplexua izango dela han egingo dutena, eta arkitektoak gaineratu zuen uste baino egoera kaskarragoan aurkitu zutela eraikina. Hain zuzen ere, eraikinak zenbait patologia dituela azaldu zuen Landak. Besteak beste, eliza atariaren eta Kale Nagusiaren aldeetarako bi fatxadak ondo lotu gabe daudela adierazi zuen, eta horrez gain, eraikin barruko horma bitartekoak fatxada nagusiari bultza egien diola gaineratu zuen. "Ondorioz, fatxada kanpoaldera okertuta dago". Horren aurrean, egurrezko egituraren zati bat errespetatuko dute, eta barruko horma berreraikiko dute. Ondarearen zaharberritzean adituak dira Idiakez Ederraren proiektua lantzen ari diren bi arkitektoak, eta Landak adierazi zuenez, horien helburua da eraikinak duen "egiazkotasun historikoa" mantentzea. Hori hala izanik, ahalik eta esku-hartze txikiena egingo dute egin beharreko lanetan, eta eraikina zaharberritzeko egurra izango da erabiliko dute material nagusia. Aretoa goraino bete zen aurkezpenean. (Ane Olaizola) Eraikinaren beheko solairua Plaza Ondo jubilatuen etxeak hartuko du, eta ondorengo lau sorairuetan bi eta hiru logeletako launa etxebizitza egingo dituzte. Era berean, argi-patioa izango du barrualdean, eta ibaiaren alderako fatxada beirazkoa eta egurrezkoa izango da. Fatxada nagusiari dagokionez, berriz, hango mentsulak berreskuratu eta arkuak zaharberrituko dituzte. Visesa sozietate publikoak eraikiko ditu etxebizitzak han, eta une hauetan  lanen exekuzio proiektua lantzen ari dira arkitektoak. Maiatzean sinatu zuten udalak eta Visesak horretarako hitzarmena, eta aurreko martxoan zehaztu zituzten bi aldeek etxebizitzak egiteko baldintzak. Quindosek aurreratu zuenez, obrak esleituta egongo dira datorren urteko uztailerako, 2020ko lehen hiruhilekoan hasiko dituzte lanak.  Sozietate publikoak 26 hilabete izango ditu lanak gauzatzeko, eta aurreikuspenen arabera, 2022an amaituko dira obrak. Etorkizuna ezbaian izan duen etxea Soka luzea ekarri du Nagusia 80 eraikinaren kontuak herrian. 2001ean hasi ziren eraikinaren zatiak erortzen, eta, 2005ean, eraikin horretako bizilagunek beren etxeetatik atera behar izan zuten, eraikina "erortzeko arriskuan" zegoelako. Udalak aldundiari eman zion egoeraren berri, eta aldundiak eraikina "hondamendi egoeran" zegoela jakinarazi zuen. Orduan, eraikina botatzeko baimena eskatu zion udalak Eusko Jaurlaritzari, baina, urtebeteren ostean, eraikinaren bi etxaurreak mantendu egin behar zirela adierazi zuen jaurlaritzak. 2009an udalak aldamioak jartzea erabaki zuen, eta, orduz geroztik, arazoari irtenbidea bilatu nahian aritu da udala. 2015ean, udalak erabaki zuen Idiakez Ederra etxea 2009az geroztik sostengatzen zuen aldamioa erostea. Udalak 6.027 euro ordaintzen zituen hilero aldamioaren alokairuagatik, eta galera ekonomiko horri amaiera jartzeagatik erosi zuen udalak aldamioa. Aldi berean, udala jabeekin negoziatzen hasi zen, eta udalaren arabera, "lan konplexua" izan zen hori, inplikatutako alderdiak asko zirelako. 2016ko irailean sinatu zuten aurreneko etxejabeek eraikina udalari emateko hitzarmena; akordio horren bidez, jabetzaren %40 eman zioten udalari. Aldi berean, udalak Visesarekin  adostu zuen babestutako etxeak egitea Idiakez Ederra etxean, eta Visesaren administrazio kontseiluak 2016ko urrian izenpetu zuen erabakia. Eraikinaren jabetza osorik udalaren esku 2017ko apirilean geratu zen, jabegoa zuen azken familiak hitzarmena sinatuta. Ikusi eraikinak hartuko duen itxura, hemen:

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide