Azkoitiko haurrak hasi dira parke estalia aukeratzeko botoa ematen

Urola Kostako Hitza 2018ko abenduaren 18a

Azkoitiko hiru ikastetxeetako –Xabier Munibe Ikastola, Floreaga Ikastetxea eta Bizilore eskola aktiboa– ikasleak hasi dira dagoeneko udalak Gaztanenea eraikinaren ondoan eraikiko duen parke estalia aukeratzeko botoa ematen. Udalak hiru proposamen jarri ditu aukeran, eta Haur Hezkuntzako 5. mailako eta Lehen Hezkuntzako 1. eta 4. mailen arteko umeek eman ahal izango dute boza datozen egunetan. Parkea inklusiboa eta irisgarria izango da, eta egokitutako jolasak izango ditu bertan, eta herriko umeek baldintza horiek kontuan hartuta erabaki ahal izango dute zer nolako parkea nahi duten herrian. Boz gehien jasotzen dituen proiektua da udalak gauzatuko duena, eta erakundeak adierazi du datozen egunetan jakinaraziko duela parte-hartze prozesuaren emaitza. Eztabaida luzea eragin du parke estaliaren proiektuak Azkoitian; izan ere, denek onartzen dute jolastoki estali bat behar dela herrian, baina haren kokapenarekin ez dira ados jartzen herritarrak nahiz udal ordezkariak. EH Bilduk irailean salatu zuen EAJk parke estaliaren kokapena "ezkutuan" aldatu zuela.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide