'Erlauntza' antzezlanaren kartela. (Hitza)
Vaiven Producciones konpainiaren eskutik, Erlauntza antzezlana taularatuko dute larunbatean, hilaren 17an, Azkoitiko Baztartxo antzokian. 19:30ean hasiko da emanaldia, eta sarrerak 8 euroan jarri ditu udalak.
Itziar Atienza, Sara Cozar, Aitziber Garmendia, Getari Etxegarai, Leire Ruiz eta Naiara Arnedo dira antzezlaneko aktoreak, eta Ana Pimentak zuzendu du lana. Umetako lagun koadrila baten istorioa du ardatz antzezlanak: haietako baten ezkon aurreko agurra ospatzeko asmoz, asteburu pasa joango dira landetxe batera, baina urteak ez dira alferrik pasatu, eta gauzek ez dirudite garai batean bezalakoak. "Asteburu eroa izan behar zena, are gehiago erotuko da: trapu zaharrak, esan gabeko gauzak, esandakoak, alkohola, drogak eta erlauntz bat. Animalien erreinuan ondoen komunikatzen direnak erleak direla esan ohi da, eta dantzan komunikatzen omen dira...", dio sinopsiak.