Bihar hasiko dira indarkeria matxistaren aurkako ekintzak Azkoitian

Urola Kostako Hitza 2018ko azaroaren 6a

Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunaren harira, egitarau bana osatu dute Azkoitiko Udalak eta hango Sostenipe talde feministak. Gaiaz sentsibilizatzeko, hitzaldiak, dokumental emanaldiak eta ume zein gaztetxoentzako saioak egingo dituzte datozen asteetan.

Azaroaren 25a Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna izango da, eta horren harira, ekintza ugari antolatu dituzte Azkoitiko Udalak eta Sostenipe talde feministak. Bihartik aurrera askotariko ekintzak egingo dituzte herritarrak eraso sexisten inguruan kontzientziatu daitezen, eta, besteak beste, ikus-entzunezko emanaldiak, solasaldiak eta umeei zuzendutako saioak egingo dituzte. Egitarau bana antolatu dute udalak eta Sostenipek. Udaleko Berdintasun Sailak prestatutako ekintzak bihar bertan hasiko dira, eta Emakunderen Berdintasunerako Gunea autobus ibiltariak zabalduko du egitasmoa. Berdintasuna ikasi egiten da. Irakatsi berdintasuna lelopean jarriko dute autobusa eliza atarian, eta herriko ikastetxeetako ikasleek hezkidetzaren inguruan hausnartzeko aukera izango dute bihar eta etzi. Aurten, ume eta gaztetxoei zuzendutako ekintza bereziak egingo dituzte Azaroaren 25aren harira, eta Abarketatxo ludotekan eta Artxamendi topalekuan "sakon" landuko dituzte hezkitzeta eta genero berdintasuna. Hain zuzen ere, marrazki pintaketa, bideo emanaldia, bideoak, jolasak, Goazenen Denok Zu koreografia eta selfiak egingo dituzte Abarketatxon, eta horma-irudi bat ere margotuko dute han. Artxamendin, berriz, role-play (rol jolasa) eta hausnarketa saioa egingo dituzte, eta sare sozialetan "berdintasunaren aldeko mezuak" idatziko dituzte. Horrez gain, hilaren 19an Kabi biluziak dokumentala eskainiko dute Elkargunean. Virginia Senoslainek eta Juan Luis Napalek zuzendutako lanak indarkeria matxista jasan duten emakumeen errealitatea erakusten du, eta emakume horien zein hainbat adituren testigantzak jaso dituzte horretarako. Era berean, azaroaren 25ean, Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunean, udal ordezkariek adierazpen instituzioanal onartuko dute, emakumeen aurkako indarkeria "errotik mozteko" eskatuz. Udalak antolatutako ekimenen inguruko informazio gehiago, berdintasuna@azkoitia.eus helbidera idatzita eskuratu daiteke. Autodefentsa ikastarorako izen-ematea zabalik Azkoitiko Sostenipe talde feministak, bere aldetik, beste hainbat ekintza antolatu du datozen egunetarako. Hilaren 19rako, astelehena, gaiaren inguruan sakontzeko hitzaldia antolatu dute, eta Inma Garate fiskalak eta Lorea Aizpuru gizarte langileak eskainiko dute solasaldia, Kultur Etxean. Hurrengo egunean, berriz, Bertha Gaztelumendik zuzendutako Volar (Hegan egin) dokumentala emango dute, eta tratu txarrak sufritu dituzten bederatzi emakumen testigantzek osatzen duten lana ikusi ahal izango da Kultur Etxean. Era berean, hilaren 21erako autodefentsa feminista ikastaroa antolatu dute, eta han parte hartzeko izena eman daiteke hilaren 15era bitartean, sostenipe@hotmail.com helbidera idatzita. Ikusi hemen udalak eta Sostenipek antolatutako ekintzen egitaraua:
  • Azaroak 7 eta 8, asteazkena eta osteguna: Emakunderen Berdintasun Gunea autobus ibiltariaren saioak, ikastetxeentzat.
  • Azaroak 19, astelehena: Kabi biluziak dokumental emanaldia, 17:00etan, Elkargunean.
  • Azaroak 19, astelehena: Inma Garate fiskalaren eta Lorea Aizpuru gizarte langilearen hitzaldia, 19:00etan, Kultur Etxean.
  • Azaroak 19 eta 21, astelehena eta asteazkena: Marrazki pintaketa, bideo emanaldiak eta horma irudia, Abarketatxo ludotekan.
  • Azaroak 20, asteartea: Mujeres al Cuadradoren eskutik, Volar dokumentala, 18:30ean, Kultur Etxean.
  • Azaroak 21, asteazkena: Mezuak sortzen eta zabaltzen, Artxamendi topalekuan.
  • Azaroak 21. asteazkena: Autodefentsa ikastaroa, 17:30etik 20:30era, Elkargunean.
  • Azaroak 20 eta 22, asteartea eta osteguna: Bideoak, jolasak eta Denok Zu koreografia, Abarketatxo ludotekan.
  • Azaroak 23, ostirala: Hi Selfi! telematikoa, Abarketatxo ludotekan.
  • Azaroak 23, ostirala: Rol-playing eta hausnarketa saioa, Artxamendi topalekuan.
  • Azaroak 25, igandea: Indarkeria matxistaren aurkako udalaren adierazpen instituzionala.
 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide