Euskararen eta euskal kulturaren alde egindako lanagatik, Azkoitiko Udalaren errekonozimendua jaso dute gaur, Andramari bezpera,
Ixabel Jauregik eta Mailu Irizarrek, eta bi bertsozale eta irakasleek bota dute jaiei hasiera eman dien txupinazoa. Euria eginagatik, jendetza izan da plazan suziria botatzeko unean, eta musika bandak eta dultzainero nahiz txistulariek alaitu dute giroa suziriak eztanda egin orduko.
Hona hemen txupinazoaren eta giroaren bideo bana:
https://www.youtube.com/watch?v=nb8TZRjmfd0&feature=youtu.be
https://www.youtube.com/watch?v=3IGULxLUs-A&feature=youtu.be
Txupinazoaren aurretik, baina, omenaldia jaso dute Jauregik eta Irizarrek. Hain zuzen ere, Javier Zubizarreta Azkoitiko alkateak eman dio hasiera ekitaldiari, eta bi azkoitiarrek egindako lana goraipatu du hark. "Euskaldunak nondik gatozen, euskaldun izatea zer den, gure identitatea zertan oinarritzen den erakutsi diozue etorkizuneko euskal gizartea osatuko duten neska-mutilei, gure tradizioak plazaratzearekin batera". Alkatearen aburuz, ez dago "formula matematikorik" bertsogintzaren, euskal dantzen nahiz trikitixaren transmisiorako: "Euskaldun denon sena, eskuzabaltasuna, borondatea eta konpromisoa dira balio dutenak. Eta horren adibide dira Mailu Irizar eta Ixabel Jauregi". Izan ere, Zubizarretak azaldu duenez, "isilik eta apal" urteetan euskararen eta euskal kulturaren alde lan egin dute biek ala biek. "Hori da benetako ekarpena", esan du alkateak. "Zuek bezalako jendea behar dugu, begi bistan jartzen dizkiguzuelako ditugun altxorrak egunero, baita horiek zaintzeko kontzientzia ere". Ruper Ordorikaren abesti bat gogora ekarrita bukatu du hitzartzea alkateak: "Zaindu maite duzun hori". Eta txalo artean jaso dituzte Udalaren koadroa eta lore sorta bana Irizarrek eta Jauregik.
Bertsozaleak dira bi protagonistak, eta kantuz eskertu dute udalaren aitortza udaletxeko areto nagusian ziren lagun, lankide eta udal ordezkarien aurrean. Hona hemen bertsoak abestu dituzten uneko bideoa:
https://www.youtube.com/watch?v=jYLQwKDTZ0k&t=3s
Ekitaldiari bukaera Erniarraitz bertsozale elkarteko Eneritz Artetxek eta Julene Iturbek eman diote, bertso bana kantatuta. Ondoren, udaletxeko balkoira atera dira bi protagonistak eta alkatea, eta suziria botata eman diote hasiera aurtengo andramariei. Izango da zer gozatu datozen orduetan eta egunetan.
Bestalde, Azkoitiko Herri Moimentuek deituta, 11:00etan bota dute txupinazo alternatiboa San Martin auzoan. Eneritz Arrieta pilotariak izan du suziria botatzeko ardura, eta dozenaka lagun elkartu dira ekitaldian. Ondoren, hamaiketakoaz gozatu ahal izan dute bertaratutakoek.
Maxixatzen.eus-en ikus daitezke txupinazo alternatiboko irudiak.
Hona hemen gaur eguerdiko irudi bilduma:
Hona hemen, Andramari jaietako egitaraua egunez egun:
Abuztuak 14, asteartea
17:00etan. Haur parkea, herriko plazan (puzgarriak, gazteluak…).
19:45ean. Mariachi, Sonidos de Mexico musika kale ikuskizuna.
19:50ean. Udalbatzari parrokiara lagunduz, Txalkor txistulari taldeak,
Alkate Soinua joko du.
20:00etan. Herritarrek parrokian Ignacio Busca Sagastizabalen
Salbea zazpi ahotsetara eta Aita Nemesio Otañoren
Ave María bost ahotsetara abestuko dituzte. Amaitzeko, Mariano Garciaren
Ama Birjinaren edertasun.
Bakarlariak: Felix Uranga baritonoa eta Iñaki Goenaga tenorea.
Organoan: Jose Luis Frantsesena.
Zuzendaria: Inazio Alberdi.
23:00etan. Mariachi, Sonidos de Mexico taldearekin dantzaldia, herriko plazan.
23:00etan. Eliz atarian, Eusko Jaurlaritzak babestuta, gune bat jarriko da alkoholemia froga prebentiboa egiteko eta informazioa zabaltzeko.
Abuztuak 15, asteazkena
09:30ean. Eltziegoko Dultzaineroen kalejira.
10:00etan. Herriko Musika Bandaren eta Txalkor txistulari taldearen kalejira.
10:50ean. Udalbatzari parrokiara lagunduz, Herriko Musika Bandak Txalkor txistulari taldearen laguntzaz,
Alkate Soinua joko du.
11:00etan. Meza Nagusia.
12:00etan. Eltziegoko Dultzaineroek lagunduta, erraldoien eta buruhandien kalejira.
13:00etan. Herriko Musika Bandaren eta Txalkor txistulari taldearen kontzertua, Kontzejupean.
17:00etan. Pilota partidak, Gurea pilotalekuan. Lehen partida:Gorka-Etchegoin vs Elordi–Lasa IV. Bigarren partida: Irribarria–Rezusta vs Olaizola II-Imaz.
17:30ean. Zezen txikiak eta pottokak, Trenbidearen Zumardian.
19:15ean. Rockbox kale ikuskizuna.
20:00etan. Azkoitiko gimnastika erritmikoko taldearen erakustaldia, eliz atarian.
20:00etan. Eltziegoko dultzaineroen kalejira.
22:30ean. VIII. Film Laburren Lehiaketa, plazan.
23:45ean. Passepartout taldearen kontzertua, herriko plazan.
Abuztuak 16, osteguna
09:30ean. Eltziegoko dultzaineroen kalejira.
10:00etan. Txalkor txistulari taldearen kalejira.
10:50ean. Udalbatzari parrokiara lagunduz, Txalkor txistulari taldeak Alkate Soinua joko du.
11:00etan. Meza Nagusia.
12:00etan. Erraldoien eta buruhandien kalejira.
12:15ean. Ohiko Aurreskua, herriko plazan.
13:00etan. Azkoitiko Musika Bandaren eta Eltziegoko Dultzaineroen kontzertua, Kontzejupean.
14:00etan. Haur eta gurasoen bazkaria, Ikurriñaren plazan.
16:00etan. Zezen karretoiarekin kalejira, herriko plazatik irtenda.
17:00etan. Gazteentzako jolas dinamikoak, Balda plazan.
17:00etan, Bualá ikuskizuna, plazan.
19:00etan. Sahatsa dantza taldeko kideen eta herritarren partaidetzarekin, Plaza Dantzak, Eliza atarian.
23:00etan. Suzko erroberak Baztarrikaldetik, Valecea Piroteknia etxearen eskutik.
23:30ean. Zea Mays taldearen kontzertua, plazan.
Abuztuak 17, ostirala
09:00etan. Azkoitiko kultur elkarteak eraturiko XXXVII. Inazio Iriarte Margo Lehiaketako zigilu jartzea, Torre Zuri erakustokian. Bukatutako lanak 14:00etatik 15:00etara bitartean jasoko dira, Torre Zurin.
09:30ean. Herriko trikitilarien eta dultzaineroen kalejira.
09:30ean. Herriko ganadu erakusketa, Plaza Berrian.
11:00etan. Herriko trikitilari gazteen kalejira.
12:00etan. Txalkor txistularien laguntzaz, erraldoien eta buruhandien kalejira.
12:00etan. Herri kirol jaialdia, plazan.
12:30ean. Jubilatuen meza, parrokian.
14:30ean. Jubilatuen anai-arreba arteko bazkaria, Loiolako Kiruri jatetxean. Bertan, aurten 90 urte betetzen dituzten herritarrak omenduko dituzte.
17:30ean. Txiki Chef tailerrak, plazan.
18:00etan. Dantzari bikote helduen txapelketa, Balda plazan.
19:30ean. Inazio Iriarte XXXVII. Margo lehiaketako sari banaketa, Torre Zuri erakustokian.
22:00etan. Aintzane, Mirari eta Lutxurdixo trikitilarien erromeria, Balda plazan.
22:00etan. 10. DIVA – SAT Idi dema saria, herriko probalekuan.
23:00etan. Suzko zezena, Balda plazan. Ondoren erromeriak jarraituko du.
Abuztuak 18, zapatua
11:00etan. Atletismo saioa, Balda plazan. Ondoren, XVII. Andramaixetako Milia, Xeye atletismo taldeak antolatuta.
14:30ean. Bazkari herrikoia, plazan.
17:30ean. Brincadeira batukada taldea, herriko kaleetan.
17:30ean. Apar festa, Balda plazan.
18:30ean. Zezenak, Plaza Berrian.
22:00etan. 10. DIVA – SAT Idi dema saria, herriko probalekuan.
22:00etan. Ilargi Beltza taldearekin dantzaldia, herriko plazan.
Abuztuak 20, astelehena
22:00etan. 10. DIVA – SAT Idi dema saria, herriko probalekuan.
Abuztuak 21, asteartea
22:00etan. 10. DIVA – SAT Idi dema saria, herriko probalekuan.