San Martin kalean autoak aparkatuta. (Ane Olaizola)
Azkoitia Bai udal taldeak bere kezka agertu du Azkoitiko zenbait eremutan dagoen aparkaleku arazoaren inguruan. Batez ere Floreaga eta San Martin auzoetako bizilagunek "hainbat kexa" igorri diote taldeari, eta gaia udaleko Hirigintza Batzordean jorratu dute dagoeneko, arazoari irtenbidea emateko asmoz.
Jose Joakin Etxaniz taldeko bozeramailearen arabera, San Martin auzoan azkenaldian "areagotu" egin da aparkaleku arazoa, eta "haserre" daude hango bizilagunak. "San Martinen bizi direnek adierazi digute batez ere gauetan ez dutela aparkatzeko lekurik izaten. Lehen, nola edo hala aparkatzen zuten, baina udaltzainak isunak jartzen hasi zaizkie orain, eta egoeraren aurrean, kexak iritsi zaizkigu", azaldu du. Floreagan, berriz, lehendik dute arazoa, eskola egunetan "izugarrizko nahastea" sortzen baita Floreaga ikastetxearen inguruan: "Eskolako sarrera-irteera orduetan, askok autoak gaizki uzten dute, eta beste autoak beraien lekuetatik ateratzea eta trafikoa oztopatzen dute horiek. Zentzu horretan, bizilagunek dei berezia egin digute ondo aparka dezaten. Izan ere, gorago joanda izaten da aparkatzeko lekurik". Azkoitia Baiko bozeramailearen arabera, eskolatik ibilaldiak egiten dituzten egunetan ere sortzen da eragozpenik auzo horretan, autobusek "aparkaleku ugari" hartzen dituztelako.
Joan den hilaren 10ean egin zuten Hirigintza Batzordean eztabaidatu zuen udalak bi gune horietan dagoen arazoa. San Martingoari dagokionez, "behin-behineko" irtenbidetzat jo zuten bizilagunek Izarraitz lanbide heziketa zentroan aparkatzea, "aparkaleku publikoak ez diren arren". Floreagari dagokionez, berriz, Etxanizek adierazi du hango herritarren proposamenetako bat izan dela autobusak eskolako patiora sartzea, baina gainontzeko udal taldeek ez dute "begi onez jo" ideia hori. Bozeramailearen esanetan, eremu horretako arazoa nola konpon daitekeen ez ziren ados jarri udal taldeak, baina aipatu du "neurri egokia" izan daitekeela Urbanue herri barruko autobusa erabiltzea eta gurasoak elkartu eta umeak txandaka eskolara oinez eramatea.