Klik batekin, inguruko bazterrak izozten

Erabiltzailearen aurpegia Julene Frantzesena 2018ko eka. 15a, 10:55

Ailen Esparza. (Julene Frantzesena) "Maite ditut maite gure bazterrak...", dio Mikel Laboaren Gure bazterrak abesti ezagunak, eta hark esandakoa bere egiten du Ailen Esparzak (Azkoitia, 1989). Izan ere, inguruko bazterrek liluratuta, argazkigintzan lehen urratsak egiten hasi da. "Modu inkontzientean" hasi zen Azkoitia eta inguruko parajeei argazkiak egiten, eta azken boladan gero eta gehiago ateratzen dituela aitortu du. "Mendira joaten hasi nintzen, eta argazki bat, beste bat...". Dena den, txikitatik du argazkigintzarekin lotura Esparzak, eta beharbada, afizioa aitarengandik datorkiolakoan dago, hura ere argazkiak ateratzen aritzen zelako. "Gaztetxotan, erabilera bakarreko kamerarekin ateratzen nintzen kalera, eta lagunekin argazkiak egiten nituen. Pentsa, lagunek behin baino gehiagotan esaten zidaten: ‘Ailen, nahikoa da argazkiekin!’", dio barre artean. Instagram sare soziala du ateratzen dituen argazkien erakusleiho nagusia, eta 200dik gora irudi ditu bere horman ikusgai. Hainbat tokitan ateratakoak dira irudi horiek: Azkoitian, Bardea inguruan, Donostian, Zumaian, Galizian, Izarraitz mendilerroan... "Inguruko lekuetan ateratzen ditut argazkiak, azken boladan Azkoitia aldean horietako asko. Jendeak ez ditu ezagutzen inguruan ditugun bazterrak, eta nire helburua bada jendea toki horietara erakartzea", azaldu du. Paisaien irudiak dira gehientsuenak, horiexek erretratatzea baitu gogokoen. "Paisaien irudiak oso politak izaten dira, eta jendeari gustatzen zaizkio. Paisaia urbanoak ere gustatzen zaizkit, baina nahiago ditut mendi edo itsas aldeko irudiak". Argazki kamera bat badu, baina, oro har, mugikorra du lanabes: "Zerbait sentiarazten didaten egoerei edo uneei ateratzen dizkiet argazkiak, eta askotan ez dut kamera aldean izaten. Hasi behar dut txipa aldatzen, baina... Izan ere, kamerak askoz ere aukera gehiago ematen ditu, irudien kalitatea askoz ere hobea da...". Burutik pasatu izan zaio argazki ikastaroren bat egitea, baina lana tarteko, gaur-gaurkoz, ez duela horretarako aukerarik izan azaldu du. "Saltseatzen hasi behar dut, oraingoz neure kasa ikasi dudalako dakidana, eta hartuko dut denbora ikastaroren bat egiteko ere". Afizioa du, "momentuz" Argazkigintza afizioa besterik ez duela argi utzi du azkoitiarrak. Dena den, ez du baztertzen egunen batean pausoa ematea. "Oraingoz, afizionatu moduan ariko naiz, eta aurrerago argazkigintzan lan egiteko aukera sortzen bazait, ikusiko dut zer egin". Hala eta guztiz, mundu horretan lan egitea gustatuko litzaiokeela esan du: "Norbaitek argazki erreportajeren bat egiteko deitzea asko gustatuko litzaidake, eta ezkontza erreportajeak egitea, are gehiago. Izan ere, ezkontza zalea naiz, eta uste dut asmatuko nukeela halako egunetako une berezi horiek jasotzen". "Asko" ez badu ulertzen ere, argazki on bat egiteko osagai nagusia "argia" delakoan dago Esparza. "Ez dakit zein den argazki on bat egiteko sekretua, baina argia oso garrantzitsua dela uste dut. Arratsaldera bitartean egindako argazkiak dira gehien gustatzen zaizkidanak, hain zuzen ere, argiagatik". Gainerakoan, "gustu pixka bat" edukitzea nahikoa dela uste du: "Zeri atera erabaki, ondo enkoadratu, eta...". Argazkiak erakusteko "erreminta ona" da Instagram azkoitiarrarentzat, eta argazkiak ateratzen segitzeko indarra ere handik jaso duela adierazi du. Izan ere, Esparzaren argazkiak aukeratu dituzte Igers Euskadik eta Turismo Euskadik azken asteotan. "Bata Izarraiztik ateratako irudia da, eta bestea nire etxeko leihotik; azken horretan San Martingo baseliza ikusten da". Argazkigintza du pasio azkoitiarrak, eta horretan sakontzen jarraitzeko asmoa du argiarekin nahiz kontrasteekin jolastuz, inguruko paisaiez gozatuz. "Bidea urratzen hasteko ilusioarekin nago". Hona hemen Esparzaren argazki batzuk:  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide