Udalak Kakuten moztutako lizarren harira, sentsibilizaziorako deia luzatu du Zuhaitzak Bizirik taldeak

Urola Kostako Hitza 2018ko apirilaren 26a

Zuhaitzak Bizirik aldea, gaur, agerraldian. (Ane Olaizola) Azkoitiko Udalak Kakute mendian 103 lizar "bortizki" kimatu izana salatu du Zuhaitzak Bizirik taldeak, eta kezka agertu du gertaera horrek izan ditzazken ondorioez. Izan ere, taldearen iritziz, "zuhaitzek ez dute inoiz lehengo egoera eta itxura berreskuratuko". Era berean, zuhaitzak "aldaketa klimatikoa gelditzeko giltza" direla eta, herritarrak sentsibilizatzeko eta zuhaitzek duten "garrantziaren" inguruan kontzientzia hartzeko deia luzatu du. Taldeko kideek gaur egin duten agerraldian jakinarazi dutenez, Kakuteko bordaren inguruan zeuden lizarrak dira udalak moztu dituenak. Haien arabera, Anaitasuna Mendi Bazkuneko kideek landatu zituzten zuhaitzak duela 30 inguru, eta herritar batzuen kexen ondorioz, udalak horiek moztu ditu orain: "Zuhaitzek adar handiak zituztela eta, horiek jendearen gainera erortzeko arriskua zegoela esan zien zenbait pertsonek udalekoei". Zuhaitzak Bizirik taldeak, ordea, udalaren ekintza gaitzetsi du, eta azpimarratu du "larriki zauritu" zirela zuhaitzok. "Zuhaitzek, orain, zauriak itxi beharko dituzte lehendabizi, eta gero, adaburuak sortu beharko dituzte". 2013tik, gainera, KBE Kontserbazio Bereziko Eremu da Izarraitz mendigunea, eta halako "gune babestuan" dauden zuhaitzak moztea "ulergaitzat"jo dute. Lizarrak, moztuta. (Zuhaitzak Bizirik) Horrez gain, zuhaitzak "adituen iritzirik kontuan hartu gabe" eta "garai txarrean" moztu dituela gaineratu du taldeak. "Ondorioz, posible da zuhaitz batzuk egoera ez gainditu eta galtzea". Taldearen arabera, herritarren "kexa ohikoenak" honakoak izaten dira: "Hostoak eta haziak botatzen dituela, handiegiak direla edo paisaian eragiten dutela esaten dute. Pisurik gabeko arrazoiak eta naturari dagozkionak izaten dira, oro har". Hala ere, herrian inoiz inauzi ez diren zuhaitzak ere badaudela adierazi dute, "inolako arazorik sortzen ez dutenak", eta herritarrei dei egin die zuhaitzen inguruan ez daitezela "modu arinean" kexatu. Era berean, udalari adierazi die bide horretan laguntzeko prest daudela.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide