Dozenaka lagunek aurkeztu dute Gure Esku Dagoren giza katea Azkoitian. (Julene Frantzesena)
Donostia, Bilbo eta Gasteizko Legebiltzarra elkartuko dituen giza katea antolatu du Gure Esku Dagok ekainaren 10erako. Dagoeneko hasi dira giza kate horren gaineko xehetasunak azaltzen herriz herri, eta Azkoitiko Gure Esku Dagoko kideek gaur egin dute agerraldia Kontzejupean, dozenaka herritarrek lagunduta. Azkoitiko Gure Esku Dago taldeko Leire Gorrotxategik hartu du hitza, eta hark esan duenez, "inoizko ekintzarik jendetsuena" izango da ekainaren 10ekoa, eta, horregatik, "inoizko azkoitiar gehien biltzea" dagokiela adierazi du.
Azkoitiarrek Arroa eta Itziar arteko hiru kilometro betetzeko ardura izango dute; hain zuzen ere, giza katearen 39., 40. eta 41. kilometroak jendez betetzea dagokie azkoitiarrei. Gorrotxategik gogorarazi du 2014ko giza katean "ezin hobea" izan zela azkoitiarren erantzuna, eta ekainaren 10ean ere gisa horretako erantzuna espero dutela gaineratu du. Giza katea antolatzeak duen lana ere izan du hizpide Gure Esku Dagoko kideak, eta herritarren laguntza beharko dutela esan du. Horregatik, herritarrei antolaketan laguntzeko deia egin die Gorrotxategik.
Lehen-lehenik giza katerako izen ematea zabalduko dute, "antolakuntza lanak errazteko"; aurrerantzean, zapatuetan, eliz atarian jarriko dute izena emateko mahaia. Herritarrei izena "lehenbailehen" emateko deia egin diete taldeko kideek. Bost euro ordaindu beharko da izen-ematea, eta trukean Gure Esku Dagoren zapia jasoko dute herritarrek. Izan ere, horiek zapiekin osatuko dute giza katea ekainaren 10ean. Gainera, mahai horretan Gure Esku Dagoren elastiko berriak ere salduko dituzte hamar euroren trukean.