Nagusia 80 eraikineko etxebizitzen obrak 2021ean amaituko dira, udalaren aurreikuspenen arabera

Urola Kostako Hitza 2018ko martxoaren 23a

Azkoitiko udalbatzarra, atzo. (Ane Olaizola) Azkoitiko Kale Nagusian dagoen Nagusia 80 eraikina birgaitu eta babes publikoko etxebizitzak eraikiko ditu Visesak, eta, horretarako, hitzarmena sinatuko dute udalak eta sozietate publikoak. Akordioaren bidez, proiektua aurrera eramateko hainbat konpromiso zehaztuko dute bi aldeek, eta, sinaduraren aurretik, hitzarmena onartu zuen atzo Azkoitiko udalbatzak, ez-ohiko osoko bilkuran. Visesak hamalau Babes Ofizialeko Etxebizitza eraikiko ditu eraikinean, eta proiektuari hasiera emateko apirilean sinatuko dute akordioa udalak eta Visesak. Behin hitzarmena sinatuta, zortzi hilabeteko epea izango dute obren lizentzia eskatzeko; beraz, abendura bitartean egin ahal izango dute eskaera. Hori hala izanda, 2019ko urtarrilean obren lizentzia edukiko dute, eta, handik aurrera, 26 hilabete izango dituzte obrak amaitzeko. Hau da, gauzak ondo bidean, datorren urteko uztailean esleituko dituzte lanak, eta etxebizitzak 2021eko otsailerako edo martxorako eginda egongo dira. Egun, udala da Nagusia 80ren jabea, baina etxebizitzak egiteko Visesari utziko dio eraikina. Etxebizitzak ez ezik, erretiratuen etxea ere eraikiko dute beheko lokaletan, eta obrak amaitzerako espazio hori erosi egin beharko du udalak, hitzarmenean hala jasotzen denez. 368 metro koadroko lokala 215.000 eurotan (BEZa aparte) erosiko du udalak, eta horretarako kreditu aldaketa onartu zuten atzo. EAJ, Azkoitia Bai eta PSE-EEren aldeko botoekin onartu zuten udalaren eta Visesaren arteko hitzarmena. EH Bildu koalizioko zinegotziek osoko bilkurara ez joatea erabaki zuten, Udal Gobernuaren "aurreikuspen falta" argudiatuta: “Gehiengo absolutuaren atzean eserita daude, beraien erosotasunari bakarrik begiratzen diote eta komeni zaizkien aldaketak proposatzen dituzte”. Osoko bilkura hasi baino ordu batzuk lehenago igorritako oharrean adierazi zutenez, “martxoaren 14an korrika eta presaka” erabaki zuten hilabete honetako udalbatzaren egitura guztia “beraien beharren arabera aldatzea, tamalez, erabaki horiek ekartzen dituzten ondorioak kontuan hartu gabe”. Ildo horretan, Udal Gobernuak koalizioari erantzun zion osoko bilkuraren data aldatzeko arrazoia "familia kontziliazioa" izan dela, eta "denen erosotasunean pentsatuta" egin dutela. Horrez gain, EAJk onartu zuen atzo goizean ohartu zirela etxez etxeko laguntza zerbitzuari zegokion ordenantzak akats bat zuela, eta hori izan zela dokumentazioa atzo eguerdian bidali izanaren zioa. Hala ere, Udal Gobernuak adierazi zuen hilabete honetan egin dituzten batzordeetan aurrez jorratuta zituztela udalbatzarrera eramango zituzten gaiak.      

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide