Azkoitiko Udalbatzak atzo egin zuen otsaileko udalbatzarra. (Azkoitiko Udala)
Azkoitiko Udalbatzak ohiko udalbatzarra egin zuen atzo arratsaldean, eta, besteak beste, pentsio sistema izan zuten hizpide. Elkarrekin adostutako mozio bat aurkeztu zuten EAJ eta PSE-EE alderdiek, eta pentsio duinak eta pentsio sistema publikoa defendatzeko. Haien aldeko botoekin onartu zen mozioa, EH Bildu eta Azkoitia Bai abstenitu egin baitziren. Adierazpenarekin, Espainiako Gobernuak ezarri duen 0,25eko igoera gaitzetsi du udalak, eta Madrilgo Gobernuari eskatu dio "birbanatzeko eta desberdintasunak murrizteko" ahalmen handiagoa izango duen pentsio sistema publikoa ezarri dezala.
Zortzi puntu ditu mozioak, eta pentsioak KPIaren arabera eguneratzea aldarrikatu dute, jubilatuek eta pentsiodunek erosteko ahalmena bermatuta izan dezaten. Era berean, 2011tik 2015era arteko legealdian onartutako lege aldaketak bertan behera uzteko eta EAEk Gizarte Segurantzaren erregimen ekonomikoa kudeatzeko eskumena izan dezala galdegin dute. Adierazpenarekin, udalak borondatea agertu du pentsioen sistema publikoa defendatzeko, "ongizate-estatuaren lau zutabeetako bat delako".
Hauek dira mozioak biltzen dituen zortzi puntuak:
- Indargabetzeko 2011-2015 legealdian sartutako lege-aldaketa guztiak: 5/2013 Errege Lege Dekretuak ezarritako aurre-erretiroaren erregulazioa eta, osorik, 23/2013 Legea, Gizarte Segurantzaren Pentsio Sistemaren Jasangarritasun Faktorea eta Errebalorizazio Indizea arautzen dituena.
- Pentsioen erosteko ahalmena bermatzea, haiek KPIaren arabera eguneratzea berreskuratuz.
- Ezabatzeko 23/2013 Legean ezarritako jasangarritasun faktorea, haren bidez murriztu egingo baitira erretiro-pentsioak, dagokion taldearen bizi-itxaropenaren arabera, 2019ko urtarrilaren 1etik aurrera.
- Erreserba funtsa %3 baino gehiago nahieran erabiltzeko debekua itzul dadila lehengora, 28/2003 Legeak, azaroaren 29koak, arautua eta 28/2012 ELD errege lege-dekretuak eta hurrengo aurrekontu-legeek salbuetsia.
- Era berean, estatuko Gobernuari eskatzen zaio areagotzeko enplegu irregularraren eta Gizarte Segurantzari egindako iruzurren aurkako borroka, sistemaren diru-sarrerak handitzeko.
- Azkoitiko Udala sistemaren diru-sarrerak handitzearen aldekoa da, Gizarte Segurantzaren finantzaketa zerga-sistemako diru-sarrerekin osatuz.
- Azkoitiko Udalak adierazten du pentsioen sistema publikoa defendatzeko borondatea dutela, ongizate-estatuaren lau zutabeetako bat delako.
- Euskadirako Autonomia Estatutua onartzen duen abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren 18.2 artikuluak eta bosgarren xedapen gehigarriak diotena kontuan hartuz, ekiteko Gizarte Segurantzaren erregimen ekonomikoa kudeatzeko eskumenak Euskadiko Erkidego Autonomiari berehalaxe eskualdatzeko eginbeharrei.