Zazpigarren urtez martxan da Mintzalagun egitasmoa Azkoitian

Urola Kostako Hitza 2017ko urriaren 27a

Egitasmoan parte hartu nahi duenak eman dezake izena, AEK-rekin eta Azkoitiko Udalarekin harremanetan jarrita

Azkoitiko AEK-k, udalarekin elkarlanean, Mintzalagun egitasmoa jarri du abian zazpigarren urtez. Oraingoz, 35 lagunez osatutako bederatzi talde egin dituzte beraien artean euskaraz hitz egiteko, baina interesa duenak oraindik ere eman dezake izena, 943-15 10 89 edo 943-85 71 75 telefonoetara deituta eta azkoitia@aek.eus edo euskara@azkoitia.eus helbideetara idatzita. Mintzalagun programan, astean behin elkartzen dira bidelariak (euskara hobetu nahi duten euskaldun berriak) eta bidelagunak (bidelariari euskara hobetzen lagunduko dion euskaldun zaharra), euskaraz hitz egiteko. "Kafetxo bat hartuz edota pasiratxoa eginez, lagunarte euskalduna lortu dute. Gainera, konfidantza eta segurtasuna lortzeaz gain, beren bizitza euskaraz bizitzeko gaitasuna ere bere egin dute", esan dute antolatzaileek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide