Instalakuntza Duinak Orainek talde eragilea sortuko du erabiltzaileekin, udalari informazioa helarazteko

Urola Kostako Hitza 2017ko urriaren 5a

Taldeak bilera irekia egin zuen atzo, eta 35 lagun bildu ziren Elkargunean. Udalak esan die "elkarlanerako prest" dagoela

Azkoitiko igerilekua. (Elkargunea) Azkoitiko Instalakuntza Duinak Orain taldeak lehenengo bilera irekia egin zuen atzo, estalitako igerilekuen inguruan dagoen arazoa hango erabiltzaileei plazaratzeko asmoz. Guztira, 35 lagun inguru bildu ziren Elkargunean egin zuten batzarrean, eta taldeak orain arte bildu duen informazioa azaldu zien herritarrei. Era berean, talde eragilea sortzeko lehenengo pausoa eman zuten, informazio guztia dokumentu batean jaso eta udaletxean aurkezteko asmoz. Xabier Barquero taldeko kideak adierazi duenez, dokumentu horretan hainbat datu zehaztuko dute: hala nola, igerilekua egunez egun zenbat lagunek erabiltzen duten zenbatuko dute; inguruko herrietako erabilpenarekin alderaketak egingo dituzte; eta igerilekuak hobetzeko beste herriek jaso dituzten diru laguntzen kasuak jarriko dituzte adibidetzat. Izan ere, taldeak adierazi du Gipuzkoako Foru Aldundiak 44.957 euro eman zizkiola udalari kirol ekipamenduetan hobetzeko, eta udalak, besteak beste, Elkarguneko rokodromoa berritzeko eta igerilekuan LED argiak jartzeko inbertituko duela diru hori. "Igerilekuko instalazioei dagokienez, udalak ez du igerilekua handintzeko obrarik egin jasotako diru-laguntzekin, eta beste herrien aldean, Azkoitian atzean geratu gara". Informazio osoa biltzen dutenean aurkeztuko dute udaletxean dokumentua, eta udalaren erantzunaren arabera zehaztuko dute aurrera begirako estrategia. Beraz, horretarako lehenengo pausoa talde eragilea osatzea izango da, eta Barquerok azaldu du Instalakuntza Duinak Orainen nahia dela talde eragilea ahalik eta anitzena izatea. "Erabiltzaileekin eta igeri elkarteko eta triatloi taldeko kideekin osatu nahi dugu taldea". Hamar lagun inguru bildu nahi dituzte taldea osatzeko, eta dagoeneko hasi dira izenak jasotzen. Jakinarazi dutenez, dagoeneko egin dute lehenengo bilera udal ordezkariekin, eta udala "elkarlanerako prest" dagoela erantzun die. Atzoko bileran, informazioa emateaz gain, bertaratutakoen proposamenak eta kezkak jaso zituzten. Barqueroren arabera, erabiltzaileek diote "arazoa gero eta handiagoa" dela, eta irtenbidea ematea beharrezkotzat jo dute. Hala ere, kezka dute benetan udalak neurriak hartuko dituen egoera hori konpontzeko. Instalakuntza Duinak Orain taldeak, bere aldetik, azpimarratu du lanerako prest daudela, eta "ezer egin gabe" ez direla geratuko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide