Peru Portalo eta Xabier Barquero Azkoitiko igerilekuan. (Julene Frantzesena)
Azkoitiko Elkarguneko igerileku estalia «txikiegi» gelditu dela eta, Instalakuntza Duinak Orain taldea sortu dute igerilekuko hainbat erabiltzailek. Talde horretako kideak dira Peru Portalo (Azkoitia, 1999) eta Xabier Barquero (Azkoitia, 1997). Arazoa "aspaldikoa" dela adierazi dute horiek. "Igerilekua egin zutenetik da txikia. Gertatzen dena da, geroz eta jende gehiago ibiltzen dela igerilekuan. Uretako kirol eskaintza handiagoa da, eta orain are gehiago nabaritzen da gunea txikia dela".
Igerileku estaliak bost kale ditu, eta entrenamenduen orduetan, Zubiaurre igeri elkarteko kideek erabiltzen dituzte horietako bi. Portalo eta Barquero, igerilekuko erabiltzaileak ez ezik, Zubiaurreko kideak ere badira, eta, egun, igeri taldekoak entrenatzeko orduan "nahikoa larri" moldatzen direla esan dute. "Guk bi kale erabiltzen ditugu, beste kale batean ikastaroak eta aquagym-eta egiten dituzte, eta erabiltzaileentzat bi kale besterik ez dira gelditzen", azaldu du Portalok. "Bakoitza bere erritmoan ibiltzen da igerian, eta, askotan, hiru lagun nahikoa dira kalea betetzeko. Herri batzuetan, zortzi kale dituzte, eta horietan bereizi egiten dituzte kale motela eta azkarra. Azkoitikoan, libre bi kale soilik izanda, ezin da hori egin".
Igerilekuaren tamainaren kexa Zubiaurreko kideena eta beste erabiltzaile ugarirena dela esan dute. Istalakuntza Duinak Orain taldeko kideak hainbat herritarrekin biltzen ari dira, eta igerilekuaren egoera agerian uzten duten hainbat adibide dituztela esan du Barquerok. "Azpeititik Azkoitira bizitzera etorri, hemen entrenatzen hasi eta hilabetera Azpeitiko igerilekura itzuli dela esan zigun batek". Portalok ere badu adibiderik: "Beste batzuek esan digute eskaileretan egon izan direla, kalea noiz libratuko zain. Eta triatloiko kide batzuk bizikletarako edo korrikarako beharrezko materialarekin etortzen dira Elkargunera, igerilekua beteta badago, beste zerbait egiteko".
Halaber, Portalok eta Barquerok gogorarazi dute, bere garaian, estaligabeko igerilekua egiterako, herritarrek sinadura bilketa egin zutela igerilekua karratu formakoa eta 25 metro luzekoa egin zezaten eskatzeko. "Hala egin izan balute, nahiz eta une hartan inbertsio handia izan udalarentzat, gaur egun, hura ixteko aukera egongo litzateke; Azpeitian hala egin zuten, adibidez. Azkoitiko kanpoko igerilekuan bi kale daude, baina udan soilik erabil daitezke".
Bilera irekia
Instalakuntza Duinak Orain taldeak herritarrei zuzendutako bilera irekia egiteko asmoa du hil honetan. Oraindik ez dute data zehaztu, baina herritarrei igerilekuko errealitatearen berri emango diete hitzordu horretan.
Bilera egin aurretik, baina, gaia herriratu nahi izan dute, eztabaida zabaldu, eta horretarako igerilekuko hainbat erabiltzaileren iritziak jaso dituzte ikus-entzunezko labur batzuetan.
Bilera irekia egin ostean, Azkoitiko Udaleko ordezkariekin elkartu nahi dutela ere aurreratu dute taldeko kideek. "Orain informazioa biltzen ari gara, baina udalarekin eta Elkarguneko arduradunekin bildu nahi dugu arazoa mahaiaren gainean jartzeko", esan du Barquerok.
"Zerbait" egingo duten "esperantza" badute taldeko kideek. "Handitzeko aukerak badaude, baina lanak ekonomikoki bideragarriak diren edo ez ikusi beharko da. Guk proposamena egingo dugu, eta erabakia beste batzuek hartu beharko dute".