Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Urrategi auzora bidean, Lidl kateak supermerkatu berria eraikiko du, Zabale baserriaren eta Gurutze Gorriaren artean dauden lurretan. Hala, Urrategi bideko hiritartze lanen adjudikaziorako prozedura martxan jartzea onartu zuen udalak asteazkeneko udalbatzarrean. Lanek 1.730.338 euroko aurrekontua izango dute, eta zortzi hilabetetako epea amaitzeko.
EAJ eta PSE-EE alderdien aldeko botoekin onartu dute esleipena, behin-behinean. EH Bilduk aurka bozkatu zuen, "Lidl eraikitzeko beste pauso bat delako hau". "Ez zaigu iruditzen halako gune batek herriko merkatari txikiei mesede egingo dienik", esan zuen Iraitz Otaño koalizioko bozeramaileak.
Alemaniako Schwarz taldearen Lidl multinazionalak iaz erosi zituen Urrategira bideko bi lur sailak. Supermerkatua lekuz aldatuko dute, eta, beraz, Intsausti kalekoa itxi eta Gurutze Gorriaren inguruan eraikiko dute berria. Udala arduratuko da obrak esleitzeaz, baina supermerkatu kateak ordainduko ditu lanen kostuak.