Aizpurutxon hondakin desberdinak batera jasotzen ikus daitekeen
bideoak hautsak harrotzen segitzen du. Hainbat prentsaurreko eman dituzte bai Azkoitiko Udal Gobernuak eta bai Urola Erdiko Mankomunitateak, eta
elkarri leporatu diote gertatutakoaren ardura. Azkoitiko Udaleko oposizioko alderdiek –
EH Bilduk eta PSE-EEk kasu– ere eman duten beren iritzia. Esaterako, Azkoitia Baik honako gutun hau kaleratu du gaur.
"Aizpurutxoko zabor bilketaren harira, gure taldeak herritarrari ahal duen informazio zehatzena zabaldu nahi dio eta datuak zabaltzea pentsatu dugu bakoitzak bere erabakia ondo informatuta har dezan:
- Gai hauez arduratzen den udal zinegotziak, 2017ko ekainaren 21eko udal batzordean esan zuenez, astebete lehenago bazekien bideo arrakastatsu horren berri eta mankomunitateari jakinarazi zion. Bere taldekideek, beste herritar ia denek bezala, astebete beranduago jakin dute gertatu den guztiaren berri. Horrela azaldu ziguten, ekainaren 21eko Hirigintza batzordean.
- Honako ohar hau kaleratu du Urola Erdiko Zerbitzu Mankomunitateak: "Aizpurutxoko puntu batean hondakin mota guztiak batera biltzen ditu Urola Erdiko Mankomunitateko ibilgailuak. Ohar honen bidez adierazi nahi dugu zergatik egiten den hori puntu horretan. Izan ere, 2015etik arazo larriak izan dira Azkoitiko hondakinetan inpropio kopuru handia zegoelako ontzi arinetan eta organikoan. Arazo hori konpontzeko hartutako erabakien artean dago landa eremuko ekarpen guneetako (Aizpurutxokoa adibidez) hondakin mota guztiak errefusarekin biltzea; hainbat azterketen ondorioz dakigulako inpropio gehiago egon ohi dela puntu horietan. Era berean, lanean gabiltza landa eremuko puntu horietako hondakinen kalitatea bere onera itzultzeko (inpropio kopurua gutxitzeko), eta hemendik gutxira lortuko da puntu horietako hondakinak berriz berezituta biltzea".
Beraz datu horien arabera, bi aldeek zekiten aurretik arazoaren berri. 2016ko ekainaren 21eko udal bilkuran bozkatutakoak honako hau zioen; hau zen udalaren eskakizuna:
3) Kontrol zerbitzua: "…beraz, azterketan agertzen den ikuskapen zerbitzu hau ere kentzea eskatzen dugu".
Horrenbestez, badirudi hezitzaile-ikuskatzaileen ardura mankomunitateari ezartzen diola udalak, baina, aldi berean, zerbitzu hori kentzea eskatu zuela. Hau da, esan bezala, bazekiten ez zela ondo birziklatzen, baina ez batak eta ez besteak, ez zuten ikuskapen zerbitzurik jarri. Behin eta berriz, lanean ari direla diote, denbora behar dutela, sistema aldatzen denean dena zuzenduko dela, baina hemen ikusitakoak garbi uzten digu gai honi garrantzia gutxi ematen diotela.
Gure taldeak, 2016ko ekainaren 21 hartako udal bilkuran esandakoak gure blogean ikus daiteke, eta gai hau
aparteko idatzi batean argitaratu genuen gai berezia eta garrantzitsua iruditzen zaigulako.
Berriro ere, 2017ko ekainaren 20an bueltatu zaigu arazoa eta bi alderdien arteko lehia. Horrela ari dira hauteskundeak irabazten, besteen okerrak salatuz, eta herritarrak elkarren aurka jarriz. Gai honetan ardura gehien duten pertsonak komunikabideetan ikusi ditugu egun hauetan, elkarri gertatutakoaren errua botatzen. Gu ez gara iskanbila horretan sartuko, eta gure taldeak udal bilkura hartan esandakoa berresten du: "Garrantzia %80-85 horretara iristeak duela eta hor gastatu behar ditugula gure indarrak. Ea, bai aizpurutxotarrek eta bai beste herritarrok ematen diogun arazo honi duen garrantzia, eta, behingoz, behar den bezala sailkatzen dugun gure zaborra, birziklatze tasa igo behar dugunarekin denok ados baikaude".