Zabor bilketaren ardura elkarri leporatu diote Azkoitiko Udalak eta Urola Erdiko Mankomunitateak

Urola Kostako Hitza 2017ko ekainaren 22a

  Zeresana ematen jarraitzen du Aizpurutxo auzoan Urola Erdiko Mankomunitatearen kamioi bat gaikako edukiontzi desberdinetako hondakinak ibilgailura husten ikus daitekeen bideoak. Erreakzioak bata bestearen atzetik iritsi dira egunotan; mankomunitatearenak, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioarena, Azkoitia Zero Zaborrena, Azkoitiko Udaleko EH Bildu eta PSE-EE taldeenak eta EAJren Udal Gobernuarena. Hain zuzen ere, gaur eguerdian egin dituzte adierazpenak Javier Zubizarreta alkateak eta Ana Azkoitia eta Miguel Angel Bastida zinegotziek. Azkoitiak azaldu duenez, Azkoitiko zabor bilketa Serbitzu enpresak egiten badu ere, Urola Erdiko Mankomunitatearena da bilketaren "ardura osoa". Izan ere, zinegotziaren eta mankomunitate horretako lehendariordearen arabera, mankomunitateak hartu zuen Serbitzu kontratatzeko erabakia. "Udalak duen eskumen bakarra hondakin sistema aukeratzea da". Mankomunitateak azaldu du udalak erabaki zuela Azkoitiko hondakinen bilketa egiteko Serbitzu azpikontratatzea. Horri lotuta, mankomunitateak dio Urola Erdian oinarrizko irizpide komun bat dutela: gaikako bilketa. Eta udal elkarteak esan du gainerakoan herri bakoitzak hartzen dituela hondakinen bilketa sistemaren inguruko erabakiak: "Erabakiak hartu eta baliabideak ipintzen ditugu bilketa sistema hori posible izan dadin. Guk herri bakoitzak eskatutako bilketa sistema eskaintzeko egiten dugu lan". Gainera, mankomunitateak azaldu du Azkoitian udalak aukeratutako bilketa sistema dutela, eta kontrolerako eta sentsibilizaziorako zerbitzurik ez dutela, "ez dutelako horretarako baliabiderik jartzen". 2016ko erabakia Mankomunitateak gogorarazi  du 2016ko ekainaren 21eko plenoan erabaki zuela Azkoitiko Udalak hondakinen gaikako bilketaren inguruko jarraipena "bere gain" hartzea. "2017 hasieratik hondakinen kontrolerako eta sentsibilizaziorako ez du baliabiderik jartzen udalak. Beraz, mankomunitateak egitea nahi badu, baliabideak jarri beharko ditu berriz". Aizpurutxon gertatutakoa Azkoitiko Udalak hondakinen bilketaren jarraipenik ez egin izanaren eta Serbitzu enpresaren bilketa "ezin okerragoaren" ondorioa dela uste du mankomunitateak. "Azkoitiko Udalari eskatzen diogu hondakinen bilketaren jarraipena egitea eta horrelakorik gehiago gerta ez dadin neurriak hartzea". Javier Zubizarreta alkateak azaldu duenez, udalaren nahia ez da mankomunitatearekin liskarrean aritzea, "herritarrek ez dutelako hori zertan jasan". Baina, haren ustez, errua udalari botatzea "onartezina" da, eta ezin dira horren aurrean isilik gelditu. Alkatearen esanetan, joan den astean ikusi zuten beraiek bideoa, eta ordura arte ez zekiten bilketa horrela egiten zenik. Horren aurrean, mankomunitateak esan du "zur eta lur" dagoela joan den astetik neurririk ez dutelako hartu eta ez dutelako gertatutakoa jakinarazi. "Akaso, hori beren ardura zela uste zutelako egon dira isilik?", adierazi du. Udalaren arabera, gaur goizeko bileran jakinarazi dio mankomunitateak 2014ko irailetik "puntualki eta salbuespen egoeretan" edukiontzi ezberdinetako hondakinak errefusarekin nahasten dituztela, material desegokien kopurua handia bada. Halaber, Zubizarretak gogorarazi du Azkoitiko 7-8-10 gunetan daudela zaborrarekin arazoak. Udalaren esanetan, mankomunitatearekin izandako bilera horretan irtenbideak bilatzeko ahalegina egin zuten, eta bide beretik jarraituko dute. Zubizarretak nabarmendu du gertaturikoak herritarrenganako "errespetu falta izugarria" erakusten duela, eta "ez daukala justifikaziorik". Horrekin batera, herritarrek gaikako bilketan jartzen duten ahalegina eskertu du. "Guk gaikako bilketa sustatzen jarraituko dugu konbentzimentuz, eta ez inposizioz. Ez dezagun etsi, eta jarrai dezagun ondo bereizten". Ikerketak iragarri dituzte Zer gertatu den argitzeko ikerketa abiatuko du Azkoitiko Udalak, eta Zubizarretak salatu du "kontu honen azpian joko zikina" dagoela. Mankomunitateak ere Serbitzuren jokabidea aztertuko duela jakinarazi die gaur goizeko bileran bi aldeei, eta beharrezkoa bada espedientea zabalduko duela. Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak ere "mankomunitatearen datu guztiak jaso eta gertakaria argitzeko" ikerketa abiatuko duela esan du. Horren aurrean, mankomunitateak adierazi du "ondo" iruditzen zaiola azterketa egitea, baina "Azkoitiko Udalak, Serbitzuk edo bien utzikeriak sortutako egoera den" azter dezatela galdegin dio GHKri. Elkarri mokoka, ardurak leporatzen, ari dira mankomunitatea eta Azkoitiko Udala. EAJk udal hauteskundeak irabazi eta gero, 2015eko uztailean sistema mistoa kentzea erabaki zuen Udal Gobernuak. Ordutik hona arazoak izan dira Azkoitian, ontzi arinen eta organikoaren edukiontzietan behar ez den hondakin kopuru handia biltzen zelako. Hondakin horiekin zuten arazoarekin jakitun ziren bai udala eta bai mankomunitatea; izan ere, udalak joan den otsailean jakinarazi zuen ontzi arinekin izan zuten arazoa «konpondu» zutela.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide