83 lagunek eman dute izena zapatuan egingo diren duatloietan

Erabiltzailearen aurpegia Julene Frantzesena 2017ko eka. 2a, 10:21

Proba herrikoia 15:30ean hasiko da, eta duatloia 16:45ean. Federatuen duatloi probaren azken edizioa izango da larunbatekoa.

Iazko duatloiko irudi bat. (Ana Abarisketa) Larunbatean izango dira Azkoitri triatloi taldeak antolatutako IV. Duatloi Herrikoia eta XVIII. Duatloia. Bi probetan 83 lagunek eman dute izena; 41ek proba herrikoian eta 42k federatuenean. Azkoitri taldeko Aitor Beneitezek azaldu duenez, "uste baino jende gutxiagok" eman du izena proba herrikoian. "Izan daiteke izena emateko epea astelehen gauerdian bukatu zelako eta diskodun bizikletekin ezin delako parte hartu proban". Gainera, esan du izena eman duten 41 lagunetatik 23 Azkoitikoak direla; horietatik hiru neskak dira. Bestalde, XVIII. Duatloiari dagokionez, jakinarazi du agenda arazoek izan dezaketela eragina izen ematean. Izan ere, apirilaren 9an ziren probak egitekoak, baina Trafiko Zuzendaritzaren baimenaren faltan, proba bertan behera uztea erabaki zuten martxoaren bukaeran."Apirilaren bukaeran amaitu zen duatloien denboraldia, eta hasierako data atzeratu genuenez, bi aukera genituen: proba bertan behera utzi edo data aldatu". Beste triatloi bat bertan behera gelditu zenez, eta ekainaren 3a "libre" zegoenez, data hori erreserbatu zuten azkoitiarrek. "Halere, larunbatean triatloi bat egingo dute Nafarroan, eta igandean beste bat Pasaian". Beneitezek aurreratu duenez, federatuen proban izena eman duten 42 lagunetatik sei Azkoitriko kideak dira. Haren arabera, litekeena da Azkoitrik irabaztea Duatloien Gipuzkoako Txapelketa. "Larunbateko proban Gipuzkoako Txapelketa izango da jokoan, eta izena eman duten lau taldekide aurrean ibiltzen direnez, taldekako txapeldun izan gaitezke". Proba herrikoia 15:30ean hasiko da, eta duatloia 16:45ean. Dortsalak bihar bertan jasoko dituzte parte hartzaileek: proba herrikoirako dortsalak 14:45etik 16:30era banatuko dituzte, eta federatuen probakoak 12:45etik 14:30era jaso ahal izango dira. Federatuen azken edizioa Azkoitriko kideek jakinarazi dutenez, zapatukoa izango da federatuen duatloi probaren azken edizioa. "Azken urteetan Trafiko Zuzendaritzarekin izan ditugun arazoak eta duatloien garapena ikusita hartu dugu erabakia", esan du Beneitezek. Hala eta guztiz, duatloi herrikoia antolatzen segituko dutela adierazi du. Azkoitriko kideek eskerrak eman dizkiete udalari, haren laguntzarik gabe duatloia antolatzea "ezinezkoa" litzatekeelako.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide