Udalaren "oztopoei" aurre egiteko, ia 1.300 sinadura bildu dituzte Azkoitiko tabernariek

Urola Kostako Hitza 2017ko maiatzaren 11

Kontzertuak eta bestelako egitasmoak antolatzen jarraitzeko "herriaren babesa" jaso du Um Blem Ble elkarteak, eta "oso gustura" agertu dira. Tabernariek "prestutasuna" agertu dute udalarekin elkarlanean hasteko

1.290 sinadura jaso dituzte Azkoitiko tabernariek. (Ainitze Agirrezabala) Adin txikikoen alkohol eta droga kontsumoaz kezkatuta, Azkoitiko guraso talde batek idatzi bat aurkeztu zion udalari, urtearen hasieran. Idatzizko dokumentu hartan, guraso taldeak zioen zenbait tabernatan adin txikikoei alkohola edaten eta erretzen uzten dietela, eta tabernariek legea betetzea eskatzen zuten. Egoera haren aurrean, Azkoitiko Udalak hainbat neurri hartu ditu; esaterako, ordutik tabernariek "ez dute baimenik" herrian kontzertuak antolatzeko. Elkarlanerako prest Udalak hartutako neurriekin ez dago ados Um Blem Ble Azkoitiko tabernarien elkartea, eta Azkoitia bizi eta alai baten alde martxan jarritako egitasmoarekin 1.290 sinadura lortu dituzte hamar egunetan. Gaur aurkeztu dituzte jasotako sinadurak udaletxean. Herriko 11 tabernarik osatzen dute elkartea, eta haiek adierazi dutenez, ez da eliza aurrean postua jarrita egin duten kanpaina bat izan. "Herritarra izan da sinatzera etortzeko borondatea azaldu duena, eta jaso dugun babesarekin oso gustura gaude". Tabernarien esanetan, bildutako ia 1.300 sinadurek "garbi erakusten dute Azkoitiko herria ez dagoela ados" udalak hartutako jarrerarekin eta herriak ez duela nahi azkoitiarrak kanpora joatea. Hala, ­–gaineratu dute­–, "herriaren babesa jaso" dutela beraien ekimenekin jarraitzeko, kontzertuak, ekintzak eta bestelakoak antolatzeko. Tabernarien elkarteak azaldu du "gatazkarik ez" duela nahi, "gaia bideratzea" baizik. Zentzu horretan, Um Blem Blek "prestutasuna eta borondatea erakutsi" ditu udalarekin elkarlanean hasteko. Joan den apirilaren 28ko udalbatzarrean eztabaida eragin zuen gaiak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide