Aleson eta Beneitez taldeko jantziekin. (Julene Frantzesena)
Erraz esaten da 25 urte pasatu direla. Baina ez da hain erraza talde batek 25 urte egitea eta bizirik jarraitzea. Kirolak batu zituen, eta 25 urtera ere kirolaren bueltan elkartzen jarraitzen dute Azkoitiko Triatloi Taldekoek. Halere, aldaketak izan dira urteotan, bai kirolari eta bai taldekideei dagokienez.
1992. urtean sortu zuten taldea hainbat azkoitiarrek. Horietako bi dira Imanol Aleson (Azkoitia, 1962) eta Gasento Oñederra (Azkoitia, 1966). Eta, bai, ordutik aldaketarik izan dela diote biek ala biek. "Orain modan dago kirola, krisiarekin jendea hasi zen kirola egiten, eta
booma izan da. Orduan, berriz, ia inor ez zen ibiltzen triatloietan-eta".
Halere, hastapenekin ez direla gehiegi oroitzen dio Oñederrak. "Udaletxera joan ginen, eta taldea sortu genuen. Bailarako lehenengo taldea izan zen". Oñederrak dio orduan indar handia zuela Tolosako taldeak, baina nabarmendu du eskualdean ez zegoela triatloirako afizio handirik. "Taldea sortu genuenerako baziren triatloi batzuk, baina gero behera egin zuen proba kopuruak".
Azkoitiko taldekoek Zumaian hasi eta Azkoitian bukatzen zen triatloia antolatu zuten bost urtez. "1995. eta 2000. urteen artean-edo antolatu genuen, baina ikaragarrizko lana zuen", dio Alesonek. Eta bost urte haietan izan zuten lanik, ezbeharrik eta bestelakorik. "Laugarren edizioan, irteerako suziria bota eta belaontzi bateko sukaldera sartu zen. Ontzia hondoratu egin zen, eta, are larriagoa, bien bitartean, parte-hartzaile bat bihotzekoak jota hil zen. Hura izan zen desastrea…".
Istorio faltarik ez
"Ondo pasatzen" zutela nabarmendu du Alesonek. "Orduan ere bazegoen lehia, baina ez orain bezalakoa. Lagun giroan ibiltzen ginen, eta barre mordoa egiten genuen". Oñederrak ere hala dio: "Gu ez ginen erlojuari begira ibiltzen, gozotegi bat ikusiz gero, barrura joaten ginen". Hastapenetako oroitzapen asko ez badute ere, gogoratu eta oraindik barre egiten dute zenbait pasadizorekin. "Lasterketa batean gindoazela, pilota partida ikusten gelditu ginen taldekide bat eta biok taberna batean", azaldu du Oñederrak. Alesonek beste bat du buruan. "Ondarroako triatloira gaupasa eginda joan zenik ere bada... San Migel mendatean kotxetik jaitsi, eta botaka aritu zen. Noizko iritsi!". Lekeitiko triatloi bateko igeriketako zatia neoprenorik gabe egin zuela dio Alesonek. "Orduan uzten zuten trajerik gabe igeri egiten, eta hala atera nintzen. Hotzak akabatzen irten nuen uretatik, eta bizikleta gainean 100 metro egiterako erori egin nintzen. Atzera etxera. Lasai ederrean ibiltzen ginen".
Taldeko kideak 1992. urtean Gernikako Duatloia egin ostean. (A)tt
Entrenatzeko ere, "lanak" izaten zituztela gogoratu dute. "Eguerdietan itxi egiten zen igerilekua, eta goiz partean jubilatuak ibiltzen ziren igerian. Beraz, 07:00etan joan behar izaten genuen entrenatzera, bestela ez zegoen-eta han ibiltzerik", dio Alesonek. "Desesperagarria zen, jubilatuen azpitik pasatzen ginen askotan", azaldu du Oñederrak barrez. "Orduan ez zegoen whatsappik, eta nahi zuenak bazekien igande goizetan bizikletan ibiltzeko hitzordua jarrita zegoela", gogoratu du Alesonek.
25 urtera, indartsu
Dagoeneko hasi da aurtengo duatloi denboraldia, eta martxan dira Azkoitiko Triatloi Taldeko kideak. Federatuak eta federatugabeak kontuan hartuta, 48 bat lagun dira taldean, eta horietako bat da Aitor Beneitez (Azkoitia, 1985). "Gustura» dago taldearen bilakaerarekin; izan ere, aurten zazpi-zortzi lagun berri hasi dira bertan. «Azkoitiarrak, azpeitiarrak, zestoarrak eta elgoibartarrak gara".
Taldearen sortzaileek esandakoarekin bat egiten du Beneitezek; izan ere, hark dio lehia asko areagotu dela triatloietan eta duatloietan. "Gaur egun duatloietan ondo entrenatuta zaude edo... Horregatik ateratzen da hain jende gutxi. Triatloia beste gauza bat da, igeri egin behar baita". Horrez gain, materiala ere asko aldatu dela nabarmendu du azkoitiarrak. "Orain ja bizikletaren pisuaren 100 gramori begira aritzen da jendea".
Taldean hainbeste lagun izanda, bakoitzak «bere kasa» entrenatzen du. "Asko entrenatzailearekin aritzen dira, eta bakoitzak bere ordutegia duenez…". Hori bai, Azkoitiko duatloia antolatzen dute taldekoek, eta aurten 18. edizioa izango da, apirilaren 9an. Gainera, urteurrena aitzakia hartuta, ekainean egin izan duten duatloi herrikoia ere egun horretan egingo dute. "Duatloiko parte hartzea jaitsi egin da azken urteetan, eta pentsatu dugu federatuen eta federatugabeen probak egun berean egitea".
Kirola bakarrik ez dute egiten, eta gutxiago 25. urteurrena izanda. Logoa berritu dute, eta dagoeneko egin dute urtemuga ospatzeko bazkaria ere.