Floreagan egingo dituzten babes ofizialeko etxeetan izena eman daiteke

Julene Frantzesena 2017ko urt. 11a, 17:22

Hilaren 23a izango da izena emateko azken eguna. Beharrezkoa da hilaren 5aren aurretik Etxebiden izena emanda egotea. Eskaera egiten duenak hainbat baldintza bete beharko du.

Floreagan etxeak egingo dituzten gunea. (Ane Olaizola/Hitza) Eusko Jaurlaritzak, Etxebideren bidez, Floreaga auzoan eraikiko dituen 16 Babes Ofizialeko EtxeEtxebizitzen (BOE) zozketarako izena eman daiteke dagoeneko. Urtarrilaren 23a izango da izena emateko azken eguna. Etxebizitzen zozketan parte hartzeko beharrezkoa da Etxebideren erosketa aukeran izena emanda egotea. Urtarrilaren 5ean argitaratu zuten Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian etxeen erosketa esleitzeko hautaketa prozesuari hasiera eman zion agindua. Hori dela eta, etxebizitzen zozketan parte hartzeko eskaera egiten dutenek data horren aurretik egon beharko dute Etxebiden izena emanda. Inskribatuta daudenek, gainera, gutun edo mezu elektroniko bat jasoko dute zozketan parte hartu nahi al duten galdetuz. Zozketan izena eman daiteke www.etxebide.euskadi.eus webgunean, Etxebidek Donostian duen egoitzara gutuna bidalita edo bertara joanda. Hainbat baldintza Eskaera egiten duten herritarrek 2015ean, gutxienez, 9.000 euroko  eta, gehienez, 39.000 euroko diru-sarrerak izan zituztela egiaztatu beharko dute. Horrez gain, zozketan parte hartu nahi duen pertsonak Arabako, Bizkaiko edo Gipuzkoako udalerriren batean egon behar du erroldatuta, gutxienez, urtebetez. Gainera, etxebizitza horietako bakoitzean ezingo dute bost lagunek baino gehiagok bizi. 14 etxebizitza, alokairura Babes ofizialeko hamasei etxebizitza horiez gain, beste hamalauko  bloke bat ere eraikiko du Eusko Jaurlaritzak. Etxebizitza horiek alokairura bideratuko dituzte, Alokabideren bidez. Joan den urrian, Eusko Jaurlaritzak proiektuaren berri eman zuenean adierazi zuen, 2017ko uztailean eraikuntza eta urbanizazio lanak esleitzeko moduan izango direla. Azkoitiko Udalak herritarrei gogorarazi die babestutako etxebizitzak erosteko edo alokatzeko beharrezkoa dela Etxebiden izena emanda egotea. Horregatik,  interesa duten herritarrei Etxebiden izena emateko deia egin die. Udalak jakinarazi duenez, Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza sailak adostu du Idiakez Etxean babes ofizialeko 14 edo 15 etxebizitza eraikitzea. «Visesa erakunde publikoaren administrazio kontseiluak ontzat eman zuen proiektua urriaren 3an, nahiz eta oraindik datarik ez duten jakinarazi».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide