Mikel Elorza txirrindularia.
Mikel Elorza (Azkoitia, 1991) txirrindulariak
urtebeterako fitxatu du Amore&Vita Continental taldearekin. Italiara joango da azkoitiarra bizitzera; Pisatik 20 kilometrora dagoen Lucca herrira, hain zuzen. Hara joateko "gogoz" dago Elorza.
Gustura al zaude fitxaketarekin?
Gauzak dauden bezala, dagoena hartu behar da. Aukera hau iritsi zait, eta hartu egin dut. Txirrindularitzan beste urrats bat emateko balioko dit, eta beste alor batzuetarako ere bai. Izan ere, Italiakoa da taldea, eta hara joateak balioko dit bizitzako esperientzia zabaltzeko, jendea eta hango kultura ezagutzeko. Esperientzia aberasgarria izango dela uste dut, eta gustura nago, oso.
Nola iritsi zaizu fitxaketaren aukera?
Iaztik emaitzak lortzen ari nintzela ikusten nuen, eta, lana balitz bezala, curriculumak bidaltzen hasi nintzen. Amore&Vita taldekoek erantzun egin zidaten, eta horrela iritsi gara fitxaketaren akordiora. Duela bi aste urtebeterako kontratua sinatu nuen.
Urtarrilean hasiko duzu denboraldia. Gogotsu al zaude?
Bai. Mallorkako Challengean egingo dut taldearekin debuta. Urtarrilaren 26an hasiko da lau eguneko proba hori, eta, ondoren, urtarrilaren bukaeran, joango naiz Italiara. Otsailean, Italian bertan izango ditugu lasterketa gehienak, eta, gero, mundu osoan barrena ibiliko gara; izan ere, Amerikan, Afrikan, Europan... izango ditugu probak. Beraz, uste dut etxean ez dudala denbora askorik pasatuko datorren urtean.
Entrenamenduetan murgilduta ibiliko zara dagoeneko...
Bai, bai, gelditu gabe ari naiz prestatzen. Bi hilabete-edo daramatzat entrenatzen. Aurten lesioa izan dut, urte osoa min hartuta egon naiz, eta bukaerara arte ezin izan dut bizikletan ibili. Urtean zehar lau hilabete geldirik egon naiz, eta errekuperatu nintzenetik ez dut deskantsatu.
Halere, denboraldi bukaeran, baina Galiziako Voltan etapa bat irabazi zenuen.
Errekuperazioa luzea eta gogorra izan zen, baina etapa irabaztea lortu nuen, eta, badirudi, zerbaitetarako balio izan zuela.
Eta zer helburu dituzu denboraldi berrirako?
Urte askotan aritu naiz aukera honen bila, eta, orain, iritsi zaidanean, ahal dudan dena emango dut. Eta ikusiko dut nire lekua badagoen maila horretan edo ez dudan balio horretarako, eta beste zerbaitetan hasi beharko dudan. Eman didaten aukera ahalik eta ondoen aprobetxatzen saiatuko naiz, eta, bidez batez, ikusiko dut niretzat lekurik ba ote dagoen maila horretan. Denboraldia hastean eta emaitzak behatzean ikusiko dugu hori guztia.
Continental mailara jauzia handia al da?
Profesionaletan hiru maila daude: continental, continental profesionala eta UCI Worl Tour. Continental da futboleko Bigarren B mailaren parekoa, nolabait esateko. Baina txirrindularitzan aukera dago beste mailetakoekin lehiatzeko, lasterketa askotan beste mailetako txirrindulariek ere parte hartzen dute. Mailari dagokionez, saltoa ikaragarria da; izan ere, lasterketa askotan txirrindulari onenak ateratzen dira. Saltoa, beraz, ikaragarria da.
Zeuretzat ere ikaragarria izango da punta-puntako txirrindulariekin aritzea, ezta?
Bizitza osoa horrexen zain egon naiz. Iritsi zait aukera, eta aprobetxatu egin behar dut. Ahalik eta ondoen lehiatzen saiatuko naiz. Saltoa ikusita, entrenamenduetan aldaketa txiki batzuk egiten hasiko naiz; batez ere, entrenamenduaren kilometro kopuruari dagokionez. Gainerakoan, antzeko errutina jarraituko dut.
Hiru urte egin dituzu Ampon. Zer moduz?
Oso gustura egon naiz. Nirekin oso ondo portatu dira, eta etxean bezala sentiarazi naute. Aurten pasatu dudan urtearekin, eta bizikleta gainera itzuli arte, beti laguntzeko prest agertu dira, eta esker hitzak besterik ez ditut taldea osatzen dutenentzat.