La Guipuzcoanako langileak, enpresaren atarian. (Julene Frantzesena)
Joan den azaroaren 29an Autobuses La Guipuzcoana enpresak bi langile kaleratu izana salatu du ELA sindikatuak. Kaleratzeak eta lan baldintzak salatzeko, gaur, asteartea, enpresaren atarian egin dute elkarretaratzea hainbat langilek eta ELAko ordezkariek. Kaleratzeen eta lan baldintzak kaskartzearen "erantzukizun politiko zuzena" Gipuzkoako Foru Aldundiarena dela azaldu dute sindikatuko kideek. "Aldundia dago honen guztiaren atzean, eta gertatzen ari dena baimentzen ari da. Zerbitzu publiko batez ari gara hizketan, ez da enpresa pribatu bat, eta aldundiak garraio zerbitzurako aurrekontua murriztu duela jakitun gara". Janire Diaz ELAren Urola Kostako zerbitzuetako arduradunak adierazi du "oso larria" dela gertatzen ari dena, eta esan du ez dela La Guipuzcoana murrizketak jasaten ari den enpresa bakarra: "Beste eskualde batzuetan ere ari dira murrizketak ezartzen".
La Guipuzcoanako bi langileen kaleratzeak "aldundiak babestuta" egin dira ELAren arabera, eta "langile horiek berriz hartzea" eskatu diote enpresari eta erakundeari. Izan ere, Diazek azaldu du enpresak aldundiaren murrizketak erabili dituela kaleratzeak justifikatzeko. ELAko kideek azaldu dutenez, "argi dago" aldundiaren politika zein den: "Murrizketa gehiago egin eta lan baldintza okerragoak sustatu". Sindikatuko ordezkariek galdetu dute La Guipuzcoana autobusen zerbitzua "publikoa eta gipuzkoarrek finantzatua" izanik eta "egunero erabiltzaile ugari" izanda, nola litekeen zerbitzuak murriztea. "Non dago marra gorria?", esan dute.
La Guipuzcoanako langileek "lan baldintza prekarioetan" egiten dutela lan ere salatu du sindikatuak: "Denbora aurrera joan ahala, baldintzak ez doaz hobera; lanaldi luzeak egiten dituzte, atsedenerako denborak ez dira errespetatzen, lan egunak uneoro aldatzen dizkiete, gauetako gidariek ez dute inolako segurtasunik...". Horiek guztiak kontuan izanik, Gipuzkoako Garraio Erregular Iraunkorraren baldintza administratiboetan jasotako baldintzak ez direla betetzen eta "arduradun politikoek beste alde batera begiratzen" dutela esan dute.
Testuinguru hori kontuan hartuta, "langileen baldintzak hobetzeko eta erregulatzeko" helburuarekin, ordezkari sindikalak aukeratzeko hauteskunde prozesua jarri dute martxan langileek, eta ELAk dioenez, "orduan, ezustean, etorri dira kaleratzeak". ELAko ordezkariek arabera, "hauteskunde sindikalak bultzatzea prozesu zilegia eta duina da, eta langile orok du horretarako eskubidea". Horregatik, esan dute ez dutela onartuko "langileen lan baldintzak babesteko edozein ekintzaren aurka jotzea".