(Ana Abarisketa)
Sidenorrek aldi baterako Lana Erregulatzeko Txostena (LET) aplikatu nahi du taldeko lantoki guztietan; tartean, egun 405 langile inguru dituen Azkoitiko lantegian. Izan ere, 2016ko maiatzean erosi zuen Gerdau Sidenorreko zuzendaritzako kide batzuk sortutako Clerbil SL enpresak.
Atzo eman zuen Sidenorrek erabakiaren berri, eta altzairugileak datorren astelehenean abiatuko du sindikatuekin erregulazioa adosteko hamabost eguneko negoziazioa. Sidenorrek esan duenez, lantegi bakoitzak gaur egun duen lan kargaren eta etorkizunean izan dezakeenaren arabera jarriko dute martxan 2018ra arteko LETa, eta orotara, 2.000 langile ingururi eragingo dio txostenak.
ELAko ordezkari Jon Iturrikastillok esan duenez, "LETa talde osoarentzat izanik, eta Azkoitian orain lan karga ona eduki arren, baliteke 2018a bukatu bitartean gauzak aldatzea".
Sindikatuen erreakzioak
Sidenorrek duen asmoaren aurka agertu dira ELA eta LAB sindikatuak.
ELAk dio Sidenorreko jabe berriak "lehengo jabeek ezarritako ildoa jarraitzen" ari direla: "Zuzendaritzak erabateko malgutasuna lortu nahi du, nahi duenean langileak kalera bidaltzeko aukera izan dezan". Sindikatu horretako kideek diote erabakia orain jakinaraztea ez dela kasualitatea. "Sidenorreko akordio markoaren negoziazioa xantaia giroan hasi nahi dute". Txostenaren negoziazioak hasterako, ELAk dio "Sidenorreko lanpostuak, lantegien etorkizuna eta lan baldintzak bermatu" nahi dituela.
LABek ere uste du LETa aurkezteko "arrazoirik ez" dagoela. Horrez gain, adierazi dute "datozen hilabeteetan garatu beharreko negoziazio kolektiboa baldintzatu" nahi dutela txostenarekin. Horregatik, LETa "bertan behera" uzteko eta zuzendaritzari etorkizuneko asmoen inguruko informazioa argitasunez emateko eskatu dio LABek.