Urratsen talde eragilea. (Julene Frantzesena)
Urola Kostako beste hainbat herritan bezala, autodeterminazioaren inguruko herri galdeketa egingo dute 2017ko udaberrian Azkoitian. Han ere sortu dute dagoeneko herri galdeketa antolatuko duen
Urrats taldea, eta gaur, larunbata, aurkeztu dute talde eragilea Elkargunean.
Taldea ia 40 lagunek osatzen dute, eta haiek arduratuko dira galdeketara bidean egin beharreko pauso guztiak emateaz. Urratseko kideek esan dutenez, tokian-tokian sortu diren taldeekin "elkarlanean" ari dira dagoeneko; izan ere, Zestoan,
Zumaian,
Zarautzen, Getarian eta Orion ere hasiak dira galdeketa prestatzen. Herri horiek guztiek joan zen urriaren 19an
jaso zuten lekukoa Azpeitian herri galdeketa antolatu zuen Hitzartu taldeko kideen eskuetatik. Urratseko kideek esan dutenez, herri horietako taldeekin adostuko dituzte galdera eta herri galdeketaren eguna.
Galdeketaren aurretik, baina, sinadurak bilduko dituzte Urratseko kideek. Azaroaren 19an hasiko dira jasotzen, eta Azkoitian erroldatutako herritarren %10aren sinadurak beharko dituzte herri galdeketa egin ahal izateko. Herritarrei dei egin diete galdeketaren aldeko sinadura eman dezaten. Urratseko kideek garbi dute galdeketan "ahalik eta herritar gehienek" parte hartzea dela xedea, "Azkoitiko herritarren ideologia, pentsamendu, sinesmen eta kultura aniztasunaren isla izan dadin kontsulta". Horrez gain, jakinarazi dute Azkoitian erroldatuta dauden 16 urtetik gorako herritar guztiek eman ahalko dutela boza galdeketaren egunean.
Urratseko kideek esan dutenez, "burujabetzaz modu naturalean hausnartzea" da beren helburua, eta jakinarazi dute hainbat ekintza antolatuko dituztela datozen asteetan eta hilabeteetan. "Herritarron garaia dela sinetsita gaude, eta gure etorkizun politikoa erabakitzeko gure ahotsa entzunaraztea ezinbestekoa da". Urratseko talde eragileak dei egin die azkoitiarrei ekintza horietan parte har dezaten: "Bidelagun izan nahi zaituztegu, herritarron garaia delako eta etorkizuna gure esku dagoelako".
Hona hemen aurkezpeneko argazki batzuk: