Lagun enpresak lantegia zabaldu du Azkoitiko Basterretxen

Urola Kostako Hitza 2016ko ira. 21a, 09:38

Fresatzeko makinak egiten dituen enpresan 40 lagunek egingo dute lan. "Enpresa proiektuak ekartzeko" lanean ari da udala.

Lagun enpresa Basterretxe industrialdean dago. (Azkoitiko Udala) Fresatzeko makinak egiten dituen Lagun Machine Tools S.L. enpresak lantegia zabaldu du Azkoitiko Basterretxe industrialdean, San Juan futbol zelaiaren ondoan. Elgoibarko Goratu S.A. makina-erreminta enpresaren barruan zegoen Lagun uztailera arte, baina bereizteko erabakia hartu zuten, "produkzio lerro bakoitzak bere egitura izan dezan".  Goratuk eta Lagunek Maherholding taldearen barruan segituko dute. Lagun enpresak azaldu duenez, Azkoitiko lantegian, urtean, zenbaki bidezko kontrola duten 40 bat fresatzeko makina ekoitziko dituzte, eta makina prototipo bat edo bi. Basterretxe industrialdeko lantokian 40 bat lagunek egingo dute lan, enpresaren arabera. Udala "lanean" Azkoitiko Udalak esan duenez, "etengabe" lanean ari da "herrira enpresa proiektu berriak ekartzeko eta horiek herrian inbertsioak egin ditzaten".  Udalaren arabera, horren erakusle da Lagun Machine Tools enpresa Basterretxe industrialdean kokatzea. Erakundearen arabera, Lagun "Azkoitiko dinamizazio ekonomikoa sustatzen laguntzera" dator. Horrez gain, udal ordezkariek esan dute "Azkoitiaren aldeko apustua egin duten beste zenbait enpresaren zerrenda luzatzera" etorri dela, besteak beste,  Sistemas Esselle edo Intza Group jarri dituzte adibide moduan. Udalak dio "kudeaketa lanak azkartzeaz eta errazteaz" arduratu dela. "Arau Ordezkatzaileen Aldaketaren txostena idazten hasi da, etorkizunean, Lagunek eta Talleres Berriak enpresek partzela partekatu dezaten".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide