Azkoitiko Urbanue. (Maxixatzen.eus)
Herri barruko Urbanue autobusaren erabiltzaileentzat bono sistema jarriko du martxan udalak, irailaren bukaeran. Bonoa 12 euro ordaindu beharko da, eta 60 ibilbide egin ahal izango dituzte bidaiariek. Autobusean bertan salduko dituzte bonoak.
Bonorik nahi ez duenak, bidaia bakoitza 0,20 euro ordaintzen jarraitu ahal izango du. Sei urtetik beherako erabiltzaileentzat doakoa da zerbitzua.
Bonoa erosten duten bidaiariek ez dute deskonturik jasoko; izan ere, udalak jakinarazi duenez, "erabiltzaileek erosoago bidaia dezaten" jarriko du martxan bono sistema.
Udalak orain dela gutxi esleitu du autobus zerbitzua, eta, aurrerantzean, La Guipuzcoana enpresa arduratuko da zerbitzuaz.
100 bat bidaiari, egunero
Azkoitiko Udalak azaldu duenez, egunero, batez beste, 100 bat bidaiarik erabiltzen dute Urbanue.
Autobusak, martxan den egunetan, hiru ibilbide egiten ditu. Irailetik ekainera bitartean, astegunetan, goizez eta arratsaldez eskaintzen du zerbitzua, larunbatetan goizez bakarrik, eta igandeetan ez du zerbitzurik eskaintzen. Aldiz, uda sasoian, uztailean eta abuztuan, egunero-egunero, goizez eta arratsaldez zirkulazioan izaten da autobusa.
Urbanue autobus zerbitzua 2014ko abuztuan jarri zuen martxan udalak.