Rallyaren antolatzaileak. (Eduardo Maturana)
Bihar izango da Azkoitiko Rallysprintaren VIII. edizioa. Errebueltie Eskuderiak antolatu du proba, eta Euskadiko Rallysprint Txapelketako azken-aurreko lasterketa izango da.
54 gidarik eta beste hainbeste kopilotuk eman dute izena proban, eta han izango dira Euskadiko Rallysprint Txapelketaren sailkapeneko lehen postuetan diren Aingeru Castro eta Alaitz Urkiola (BMW M3), Enrique Barrenetxea-Arando eta Anartz Onaindia (Mitsubishi EVO IX) zein Iban Tarsicio eta Iñigo Peña (Mitsubishi EVO XI) . Errebueltie taldeko pilotuak ere izango dira: Ibon Otaegi eta Xabier Lizarralde (BMW M3), Gurutz Agirretxe eta Egoitz Aiertza (BMW M3), Iraitz Olariaga eta Oihane Uranga (Honda Civic Type R), Jokin Madina eta Jon Galparsoro (Citroen Saxo VTS), Eñaut Igartzabal eta Patxi Agirre (Seat Ibiza Cupra) eta Imanol Zabala eta Xuban Aranbarri (BMW 3251).
Ibilbide aldaketa
Duela bi urteko ibilbide bera egin beharko dute parte-hartzaileek, 14:30ean hasita: Azkoititik, GI-3210 errepidetik, abiatuko dira, eta, Azkarateko errepide zaharra igo ostean, Elgoibarrera jaitsiko dira. Errepidea, berriz, 13:30ak aldean itxiko dute, eta hainbat aparkaleku egokituko dituzte ikusleentzat. 8,3 kilometroko ibilbidea hirutan egingo dute parte-hartzaileek. Proba puntuagarria izango da Euskadiko Rallysprint Txapelketarako, Euskadiko Formula Libreko Garaikurrerako eta Gipuzkoako Rally Txapelketarako.
Egiaztatzeak 10:00etatik aurrera egingo dituzte Azkoitiko herriko plazan. Rallysprinta bukatzean, sariak ere plazan banatuko dituzte.